Kalezarko eta Usurbilgoen ostean, uda parteko hurrengo festak ate joka ditugu; Zubietako Herri Jaiak hain zuzen. Ostegun honetan, uztailaren 24an emango diete hasiera txupinazoarekin. Hilaren 31ra arte, hamaika hitzordu antolatu ditu jai batzordeak; kontzertuak, oilasko biltzaileak, haurrei zuzenduriko ekintzak, lagunarteko otorduak, kirol hitzorduak, kultur ikuskizunak... Segidan dituzue xehetasun guztiak egitarauan.
Herri lankidetza zabalaren emaitza dira jaiok. Antolakuntzatik nabarmendu duten moduan, eskerrak helarazi nahi izan dizkiete festen prestaketa lanetan parte hartu duten eragile hauei guztiei: Zubietako Pilota Elkarteari, Yoko Garbi Elkarteari, Zortzitan Bertso Eskolari, Umeen Eguna antolatu duten gurasoei, sardina eta piper jatearen arduradunei, Etxezarreta harategiari, Irigoien jatetxeari, Alamandegi jatetxeari, Bugati erretegiari, Aratz Erretegiari, Añorgako lagunei... "eta herritar guztioi jaietan parte hartzeagatik!".
Andatzara martxa
Jaietako hainbat ekitaldietarako lekua hartzeko aukera izan da egunotan; esaterako, uztailaren 20ra arte eman zitekeen izena uztailaren 26ko Jubilatuen Egunean Yoko Garbi Elkartean egingo den bazkarirako. Oraindik, ordea, bada aukera beste zenbait hitzorduetarako lekua hartzeko. Esaterako, uztailaren 31n egingo den zikiro janerako Alamandegin edota Irigoienen eskuratu ahalko dituzue txartelak uztailaren 25a baino lehen.
Horrez gain, bada nobedaderik aurtengo egitarauan. Izan ere, Andatzara mendi martxa antolatu dute uztailaren 30eko Gaupasa Egunari ekiteko. 8:45ean abiatuko den hitzordurako izena ondoko karteleko QR kode bidez eman ahalko duzue. Sei kilometroko ibilbidea oinez (8:45ean abiatuta) edota lasterka (9:30etan abiatuta) osatu ahalko da. Andatza gailurrean, gero, hamaiketako girotua iragarri du jai batzordeak.
Seigarren Gurdi Rock
Gurdi Rock ekimenaren seigarren edizioari ere lekua egin diote aurtengo festen egitarauan. Zubietako hainbat gazteek prestaturiko ekitaldi zikloaren baitan, giza proba antolatu dute zaldi baten eta gazteen artean hilaren 26an. Horrekin batera, hilaren 30ean kale eskalada eta joko-garbian jokatzeko aukera eskainiko dute. Kontzertuak ere iragarri dituzte egun berean, baina aurretik, bertso-bazkaria Yoko-Garbi elkartean Unai Mendizabalekin eta Maider Arregirekin. Honako menua dastatu ahalko da: entsaladilla errusiar erara prestatua, albondigak eta postrea. Hitzordurako txartelak bideotatik eskuratu ahalko dituzue: 672 167 235 (Oihan) edo gurdirock@gmail.com helbidean.
Azkenik, festetako zapiak eta banderolak txoznan eskuratu ahalko dituzuela berri eman du Jai Batzordeak.
Zubietako Herri Jaiak
Uztailak 24, osteguna
19:00 Jaien hasiera: txupinazoa eta buruhandiak.
Jarraian, txoznen irekiera Elene eta Anukekin girotuta.
21:00 Herri afaria, Zubietako Pilota Elkartearen eskutik.
Jarraian, PhotoCall herrikoia. Gaia: elegantzia abstraktua.
Ondoren, Itzal taldearekin dantzaldia.
Uztailak 25, ostirala: Santio Eguna
09:00 Esnadeia, Donostiako Txistulari Bandaren eskutik.
11:00 Meza nagusia.
Ondoren, hamaiketakoa, Yoko Garbi Elkartearen eskutik, eta soka-dantza.
18:00 Desafiyua.
19:30 Bertsolariak: Andoni Egaña, Aitor Sarriegi, Aner Euskitze, Amaia Iturriotz.
Gai-emailea: Zortzitan Bertso Eskola.
Uztailak 26, larunbata: Jubilatuen Eguna
12:00 Sagardo dastaketa eta pintxoak plazan.
14:00 Jubilatuen bazkaria Yoko Garbi Elkartearen eskutik.
16:00 Mus txapelketa (15:30etan izen-ematea).
18:00 6. Gurdi Rock: Giza proba erakustaldia: Pipi zaldia vs Zubietako gazteak.
19:00 Sardin eta piper jana plazan.
20:00 Bingoa.
23:00 Kontzertuak: Leihotikan, Trikidantz, Dj Hidalgo.
Uztailak 27, igandea
18:00 Bakarrizketa Julen Axperen eskutik plazan.
Jarraian, Ibey Beatboxen emanaldia.
19:30 Krokepote txoznan.
Uztailak 28, astelehena: Oilasko Biltzaileen Eguna
06:00 Oilasko biltzaileen irteera, Ane eta Alazne trikitilariek alaituta.
14:30 Oilasko biltzaileen iritsiera.
Uztailak 29, asteartea: Umeen Eguna
10:00 Jolasen hasiera.
14:00 Umeen bazkaria: bakoitzak berea ekar dezala, eta gure kontu postrea eta sorpresa.
16:00 Jolasen jarraipena.
Ondoren, txokolatada.
18:00 Erraldoi eta buruhandi erakustaldia, Usurbilgo Erraldoi Konpartsaren eskutik.
Uztailak 30, asteazkena: Gaupasa Eguna
08:45 Mendibuelta herrikoia Andatzara.
10:00 6. Gurdi Rock: kale eskalada eta joko-garbian jokatzeko aukera edonorentzat.
14:00 6. Gurdi Rock: Bertso bazkaria Yoko Garbi elkartean, Unai Mendizabalekin eta Maider Arregirekin.
17:00 Herriko gaztetxoen Yoko Garbi emanaldia errebote plazan.
18:00 Ondoezik elektrotxaranga.
22:00 6. Gurdi Rock: Soka eta Plan B kontzertuan.
00:00 Kontzertuak: Ezpalak, Herenegun, Dj Bull.
Uztailak 31, osteguna: San Inazio Eguna
10:30 Meza.
11:00 Zubietarren arteko errebote partida.
14:00 Zikiro jatea.
18:30 Herri kirolak.
23:00 Herriko jaien amaiera, traka eta suziriekin.
Oharrak:
-Jaietan gerta litezkeen ezbeharretan, Zubietako Jai Batzordeak ez du erantzukizunik.
-Musika egunero egongo da txosnetan gau eta egun.
-Jaietan ez da onartuko eraso sexista, homofobo edo arrazistarik.
Antolatzailea: Zubietako Jai Batzordea.