Zubietako Herri Batzarra

Jon Andoni Arroyo Arozena, Zubietako alkate 2027ra arte

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 23a, 20:38

Azken bi urteotan Usurbil aldeko alkate izandako Haritz Arrizabalaga Garmendiaren eskutik jaso du aginte zumea, 2027ko hauteskundeak bitarte Donostia aldetik Zubietako alkate karguan izango den Jon Andoni Arroyo Arozenak, asteazken honetan, uztailaren 23an, Kaxkapen egin duten kargu aldaketa ekitaldian.

2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeetatik osaturiko erakundeak lau urteko legealdiaren erdibidera heldu dira. Batek baino gehiagok lehenengo bi urteok bete berritan, unea bera balantzea egiteko baliatu dute. Zubietako Herri Batzarrak, ordea, beste urrats bat ere ematen du; alkatez aldatu behar izaten du. Izan ere, lau urteko legealdia bitan zatitua izaten dute bertan, Zubieta ere bi udalerriren artean zatitua dagoen moduan; lehenengo bi urteetan, hauteskundeetara Usurbil aldetik aurkezturiko hautagaietako bat izan ohi da alkatea, eta bigarrenean, Donostia aldeko hautagaietako bat.

2023-25 urte artean, Haritz Arrizabalaga Garmendia izan du Usurbil aldetik alkate Zubietako Herri Batzarrak. Bi urteok beteta, asteazken honetan, uztailaren 23an egin dute aipatu erakundearen kargu aldaketa. Arrizabalagaren lekukoa hartu du 2027ko hauteskundeak bitarte, Donostia aldetik Zubietako alkate izango den Jon Andoni Arroyo Arozenak.

"Ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara"
Kargu aldaketa aginte zumea eskutik eskura aldatuz irudikatu dute Arrizabalagak eta Arroyok, Kaxkapen egin duten ekitaldian. Aurretik, azkeneko bi urteotan alkate izandakoak eskerrak helarazi nahi izan dizkio batzarkide taldeari, "bi urteotan egindako lanagatik". Kargu aldaketa gauzatu arren, aldaketa ez dela nabarmena izango argitu du. Izan ere, "taldeak orain artekoa izaten segiko du" eta iragarri duenez, "ahalik eta ondoen egiten saiatuko gara".

Ildo beretik mintzatu da baita, Arroyo ere. "Berdin jarraituko dugula espero dut, Nekane, Maider, Josune eta Haritzekin". Berak ere eskerrak helarazi nahi izan dizkie taldekideei orain arte eginiko ahaleginagatik eta bide beretik jarraitzeko esperantza agertu du. Eskertza horretan txertatu nahi izan du baita familia ere, zereginotarako beharrezko denbora hartzea ahalbidetzeagatik.

"Jai zoriontsuak izan!"
Herritarrak hartu ditu gero ahotan. "Herritarrei jakin zabalik gaudela gurekin hartuemanetan jartzeko. Denok ezagutzen gaituzue. Eskaerak, proposamenak jasotzeko prest gaude".

Kargu aldaketa ekitaldi hau, Zubieta festa giroan murgiltzear den honetan egin da. Uztailaren 24tik 31ra ospatuko dituzten Herri Jaien antolatzaileak goraipatu nahi izan ditu alkate berriak, "gazteek egiten duten lana. Bihar hasten diren festak, ea modu onean pasatzen ditugun, jai zoriontsuak izan!".

Aurreko 2019-23 legealdian batzarkide eta egungo kideen lagun Urtzi Alberdik botatako bertso ederrarekin agurtu dute ekitaldia. Hitzorduko ahotsak, albiste honi atxikitako bideoan dituzue.