Zubietako Herri Batzarra

"Eskertza luzatu nahi nioke Herri Batzar osoari, bi urteotan egin dugun lanagatik"

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 23a, 20:19

Usurbilgo Udaleko ordezkaritzak parte hartu du gaur Zubietako Herri Batzarrean eginiko kargu aldaketa ekitaldian. Erakunde arteko lankidetzak azkeneko bi urteotan ahalbideturikoagatik eskerrak helarazi nahi izan dizkio Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak Zubietako batzarkide taldeari.

2023-27 legealdiko lehen bi urteek berea egin dute, gainerako erakundeetan bezalaxe Zubietako Herri Batzarrean ere. Hurrengo bi urteei alkate aldaketarekin ekin die asteazken honetan, uztailaren 23an, Kaxkapen egindako kargu aldaketa ekitaldian.

Legealdiko orain arteko balantzea egin du, hitzorduan parte hartu duen Usurbilgo udal ordezkaritzak. "Bi urteotan zerbait nabarmendu nahiko banu, izandako elkarlana eta benetan, izan dugun lanerako giroa litzateke. Seguru nago hurrengo bi urteotan ere halaxe jarraituko dugula", nabarmendu du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak.

Gogora ekarri duenez, egungo Herri Batzarra 2023an osatu ostetik, Donostiako Udalarekin batera zazpi bat aldiz bildu izan da Usurbilgo Udala, "bada kopuru esanguratsu bat. Gune horietatik aparte, beste hamaika aldietan ere izaten ditugu hartuemanak, bilerak, Zubietako Herri Batzarreko ordezkariekin, hainbat gai tarteko".

Saio horietan, "gu behintzat Usurbilgo Udaletik saiatu gara Zubietako Herri Batzarretik luzatu zaizkigun eskaerei, beharrei bide ematen".

Bidegorri proiektua, erronken artean
Hiru egitasmo nabarmendu nahi izan ditu Solaberrietak; Aliriko zubian kamioien joan-etorriek eragindako arazoak saihesteko hartutako neurriak batetik, edota Barazar berdeguneko egoteko eremu berria bigarrenik. "Frontoi inguruan jarri diren hiri altzariek ere tokia goxatzeko eta eremu horiei bestelako erabilera bat emateko" aukera eskaini dutela ere gaineratu du.

Baina bereziki azpimarra egin nahi izan dio, etorkizunean Usurbil eta Zubieta lotuko dituen bidegorri proiektuari. "Duela bi urte hemen egon ginenean, konpromiso bat hartu nuen alkate bezala Zubietarekin eta zubietarrekin. Hainbat gaien artean, mugikortasunaz aritu ginen. Aritu ginen zubietarren historiko baten, Zubieta eta Usurbil lotuko lituzkeen bidegorriaz. Guk ere gure Legealdiko Planean jasoa dugu. Guretzako proietu estrategiko bat da ere, zubietarren egunerokoa asko erraztu eta hobetuko lukeen azpiegitura bat delako".

Egungo errepideak dituen trafiko arazoen aurrean, "iruditzen zaigu bidegorrien proiektuak ere oinezkoen eta txirriduen segurtasuna hobetzeko ere ekarpen bat egin dezakeela". Egitasmoa lantzen dihardutela adierazi du Solaberrietak, "Donostiako Udalarekin eta Zubietako Herri Batzarrarekin". Legealdia amaitzerako gutxienez hasia utzi nahi lukete behintzat egitasmoa. Finantziazioa, atzo Udala bildutako lurjabeen adostasuna eta "bi udalen konpromisoa" ezinbestekotzat jo ditu Usurbilgo alkateak proiektu hau gauzatzeko. "Ea bi udalok ados jartzen garen eta proiektu hau errealitate bilakatzeko aukeretan gauden".

"Talde ederra duzue"
Eskerrak helarazi nahi izan dizkio Solaberrietak azken bi urteotan Usurbil aldekoa izan den alkateari egindako lanagatik, "zubietarrekin hartutako konpromisoagatik eta, noski, eskertza hori ere Zubietako Herri Batzar osoari ere luzatu nahiko nioke, batez ere, bi urteotan egin dugun lanagatik". Alkate berriari, zorte ona opa nahi izan dio, baina duten taldea dela garrantzitsuena nabarmendu nahi izan du, "orain arte bezala, talde ederra duzue".

Bidelagun izango direla ziurtatu du. "Usurbilgo Udalak Zubietako Herri Batzarra izan du bidelagun lehen, orain eta seguru nago etorkizunean ere hala izango dela".