Asteazken honetan, uztailaren 23an eginiko Zubietako Herri Batzarreko kargu aldaketa ekitaldian parte hartu du baita Donostiako Udalak ere. Hain zuzen, azkeneko bi urteotan Usurbil aldeko alkatea izan ostean, Gipuzkoako hiriburu aldekoa izango du gaurtik 2027ra bitarte.
Kargu aldaketa unean izan da eta bertan hartu du hitza baita Donostiako alkate Eneko Goiak. Aberasgarritzat jo du Usurbilekin batera Donostiak partekaturiko Zubieta. "Jada urte batzuk dira hona natorrela bai izendapena egiterakoan bai aldaketa egiterakoan. Aitortuko dizuet gustura etortzen naizela, gauza batengatik. Izan ditugu eztabaidak, desberdintasunak, ikuspegi ezberdinak, baina iruditzen zait, Zubietako errealitateak aberastu egiten gaituela hiri bezala", nabarmendu du Goiak.
Bere esanetan, "ez dira leku asko egongo ziur aski, halako errealitate bat dutenak. Batzuk arazo gisa ikusten dutena nik aberastasun bezala ikusten dut. Uste dut Donostiak Usurbilekin batera, Zubieta bezalako errealitate bat izateak aberastu egiten gaituela hiri gisa", berretsi du.
Zubieta, elkarlanerako bide
Eta Zubieta zubi izan da Donostiako alkatearen esanetan, Usurbilen eta Gipuzkoako hiriburua elkarlanean aritzea sustatzeko. "Badakit konplexua izaten dela askotan lankidetza eta gauzak aurrera eraman ahal izatea, baina uste dut, benetan merezi duela nortasun hori mantentzen saiatzeak eta elkarren artean lan egiteak". Horregatik, Usurbilgo alkateari zuzenduta Goiak gaineratu duenez, "Agurtzane nik uste dut honek lortu duela gauza bat, Usurbilen eta Donostiaren artean elkarlanerako bide bat jartzea. Hori Zubietari esker izan da neurri handi batean", nabarmendu du.
Orain arte jorraturiko bideari dagokionean esan duenez, "askotan ez ditugu lortu nahi genituen helburu horiek guztiak. Ez da erraza izan, baina uste dut, benetan, bi udalerriek horretan bat egin dugula eta saiatu garela partekatzen dugun errealitate berezi hau, ahalik eta hobekien aurrera eramaten eta erantzuten". Aurrera begira ere, "espero dut hurrengo urteetan horrela izaten jarraituko duela, lehen aipatutako proiektuak aurrera ateratzeko gai izango garela zubietarren onerako, hori da batzen gaituena gaurko honetan ere eta hori delako ere herri batzarrak duen helburua".
Horregatik, hemendik aurrera ere, Donostiako Udalaren aldetik "beti izango gaituzue prest hitz egiteko eta elkarlanean proiektuak aurrera ateratzeko, jakinda eta gaur adierazita harro gaudela Zubieta gure errealitatearen parte bat izateaz".
"Egiten duzuen lana eskertzekoa da"
Zubietako herri batzarreko kideak eskertu nahi izan ditu egin ohi duten ahaleginagatik. Izan ere, "ez da erraza, eta badakigu, halako ardura bat hartzea. Erabat boluntarioa den ardura bat hartu duzue zuen herritarren aurrean eta horrek sortzen du askotan halako egonezina, baina benetan egiten duzuen lana eskertzekoa da". Batzarkideen artean kargu aldaketa irudikatu duten bi alkateak ere ahotan hartu ditu Goiak. "Eskertu nahi dut alkatea izan zenaren lana eta animoak orain tokatzen zaionari". Denentzat, "zorte on, lan ona, eta batez ere arrakasta eta emaitzak izan ditzagula guztiok" desio nahi izan die.