Ez ziren kexatzeko moduan, astearte honetan, uztailaren 29an, Zubietako jaien baitan ospaturiko Umeen Egunera joan direnek. Izan ere, jolasen eta tailerren artean joan zaie eguna, baina bapo jateko aukera ederra izan dute. Arratsaldean, esaterako, behin ez bitan askaltzeko aukera izan dute haurrek eta gaztetxoek. Lehenbizi, arratsaldeko 18:00ak aurretik, eliza atarian aurrez sukaldatzen aritutako txokolate gozoa banatzen aritu dira Umeen Eguneko antolaketa lanetan aritutako gurasoak. Ilara luze askoa sortu da edari preziatua dastatzeko.
Gero, estreinakoz, Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin batera kalejiran ibili dira Zubieta erdigunearen bueltan. Frontoi ondoko plazan hasi eta amaitu den hitzorduaren ondotik etorri da arratsalde parteko bigarren "askaria", airean harrapatu beharrekoa. Izan ere, jai batzordea oholtzara igo eta handik litxarreria gozo askoa bota du jendartera. Zaparrada gozo horretan, nork jaki gehiago eskuratzeko ahaleginean aritu dira haur eta gaztetxoak.
Zubietan bapo janda amaitu dute aurtengo jaietako Umeen Eguna.