Zubietako jaiak

Estreinako erakustaldi ederra egin du Lauburu konpartsak Zubietan

Noaua Aldizkaria 2025ko uzt. 29a, 20:38

Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak estreinako erakustaldia eskaini du gaur, Zubietako jaietako Umeen Egunean. Kalejira jendetsua egin dute.

Bere gain hartutako konpromisoa fin asko betetzen ari dira Lauburu Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideak. Ekaina hasieran Usurbilgo Udalarekin sinaturiko lankidetza hitzarmenaren baitan, besteak beste,  Usurbilgo jaietan lautan eta herri eta auzoetako jaietan kalejira bana egitea hitz eman zuten.

Bira horretan dira; ekainean Kalezarren ikusi genituen, Usurbilgo jaietan egun gehienetan eta astearte honetan, uztailaren 29an, Zubietako jaietan ospaturiko Umeen Egunean, estreinakoz, Usurbilgo erraldoien kalejira ederraz gozatu eta Usurbilgo festetan aurkezturiko buruhandi talde berriarekin lasterka biziak egin dituzte gaztetxoenek.

Astearte arratsaldeko 18:00etan agertu dira plazara Kaxkape aldetik, bi erraldoiak eta aharia, basurdea, oilarra, errotaria, anguleroa eta arotza. Taldeko argazkia atera ostean Zubieta erdiguneari bira eman diote, ibilbidean zehar batu zaien jendetzarekin. Izan ere, jendetsua izan da Lauburukoen kalejira. Bidean, buruhandiak hara eta hona ibili dira lasterka eta erraldoiak dantza zoragarri askoak eginez. Gogotik txalotu dituzte ikus-entzuleek.

Musikarien erritmora eginiko kalejira abiapuntuan amaitu da ia ordubete geroago, txozna ondoko plazan. Kalezarren, Usurbilen eta Zubietan egin bezala, hurrengo jaietan ere parte hartuko du Lauburu konpartsak. Datorren hitzordua, laster, egun gutxi barru izango da, Urdaiagako jaietan. Asteburuko Xanistebanen baitan, hango abuztuaren 2ko Umeen Egunean erraldoi eta buruhandi berriak dantzan eta lasterka bizian ikusiko ditugu berriz, arratsaldeko 19:00etan.