Irailaren 27an eta 28an

Merezitako gorazarrea egingo diote erreboteari iraila amaieran Zubietan

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 11a, 19:44

Irailaren 27an eta 28an Zubietan ospatuko den Errebote Eguna aurkeztu dute, ekimen hau elkarlanean bideratu duten eragileek, ostegun arratsalde honetan eginiko agerraldian.

 

Merezitako aitortza, gorazarrea egingo zaio Zubietak berea duen erreboteari. Joko hau ezagutarazi, gizarteratu nahiz omentzeko Errebote Asteburua antolatu dute irailaren 27rako eta 28rako. Albiste honetan beherago duzue ostegun honetan, irailaren 11n errebote plazan bertan aurkeztu duten egitaraua.

Elkarlanean gauzatu dute ekimen hau Zubieta Pilota Elkarteak eta 650 Usurbil bizi herri egitasmoak, Zubietako Herri Batzarrarekin eta Usurbilgo zein Donostiako udalekin lankidetzan. Eragile guztiok parte hartu dute gaur egindako agerraldian. Kartela ere aurkeztu dute; Malen Aierbe Zubeldia herrikideak diseinaturikoa da.

"Errebotea, ondare kulturala da"
Zubieta Pilota Elkarteko ordezkari Mikel Bengoetxea pozarren agertu da ekimen honekin. "Omenaldia egin nahi diogu gure hain kuttuna den joko erreboteari". Joko aitzindaria, "sustrai sakonak" dituenak, gogorarazi digunez. "Errebotearen historia ez da laburra. Aspalditik dator. Iparraldean indar handia du, baina Gipuzkoan gerra aurretik dozena bat talde bazeuden. Egun, Oiartzun, Zubieta eta Villabona geratu gara".

Gerra aurretik eginiko bideari segida eman zioten, Bengoetxeak gogorarazi duenez, "50. hamarkdan, herriko gazte batzuk. Aizpurua baserrian hartutako zesto batzuekin hasi ziren jokoa berreskuratzen; lehenbizi ikasten, Iparraldera joanez. Haiei zor diegu, gerra ondoren, jokoa berreskuratzea". Haiez gain, "hainbat herritar aritu dira laguntzen urte hauetan". Hainbat erakundek eginiko lana ere eskertu nahi izan du, bereziki Yoko Garbi Elkartearen ahalegina. "Haiek izan ziren hartu zutenak ardura jokoa eramateko aurrera eta, ondoren, Zubieta Pilota Elkarteak hartu zuen bere gain ardura hori".

Argi aldarrikatu nahi izan du Bengoetxeak; "errebotea ez da joko huts bat, Zubietaren parte da, gure oinarria, gure sentimendu bat, horri eutsi behar diogu".

Erramun Martikorenaren kanta batek dioena baliatuta, "zer litzateke Zubieta erreboterik gabe?" galdetu du. Berarentzat "bai, Zubieta izango litzateke, baina ez ezagutzen dugun Zubieta, eta ez litzateke guk nahi dugun Zubieta izango". Horregatik berretsi nahi izan du, "errebotea, ondare kulturala da". Horregatik, ahalegina egitea galdegin du errebotea ondare inmaterial gisa onartua izan dadin, "beste joko batzuk izan diren bezala, adibidez, laxoa Nafarroan". Errebote Egunean ondo pasatzeko deia egin du.

"Plaza bera altxor bat da"
Ekimen honen sustatzaileetako bat dugu 650 Usurbil Bizi herri egitasmoa. Haren dinamizatzaile Ines Azpiazuk gogorarazi moduan, "bestelako turismo eredua proposatzen dugu, herriaren identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako eskaintza antolatuz. Horixe eskaini nahi diogu gure herria ezagutu nahi duen orori. Turismo identitario, eraldatzaile eta aktiboa sustatu nahi dugu, egungo turismo estandarretatik at".

Testuinguru horretan kokatu du Errebotearen Eguna. "Beste gauza askoren artean, Zubietak berezko ezaugarria du errebotea eta duen balioa aitortu eta ezagutarazteak bete-betean egiten du bat 650 Usurbil Bizi egitasmoaren filosofiarekin".

Izan ere, "plaza bera altxor bat da Zubietarentzat eta bisitarientzat, eskuragarri dagoena, gaur egun, ez direlako halako asko ikusten Gipuzkoan edo Euskal Herrian orohar". Errebotearen plaza da baina "hainbat aldarrikapen, kultur adierazpen eta festen lekuko eta eskenatoki ere bada. Eta bereziki gogoratu nahi dut 650 Usurbil Biziren enkarguz, 2023an Oskar Alegriak ekoitzitako "Zumeta 23" film laburra; errebote jokoa, plaza bera eta Jose Luis Zumeta margolari handia lotzen dituena".

Plaza bera eta errebote jokoa hobekiago ezagutzeko aukera izango da iraileko azken asteburuan. "Errebote jokoari eusten diote zubietarrek. Euskal Herriko pilota jokoen artean zaharrenetakoa da, nahiz eta agian, ezagunena ez izan. Hain zuzen ere, errebote jokoaz gozarazteaz gain, kirol hori hobeto ezagutzeko aukera emango digu Errebote Egunak".

"Gure nortasuna adierazteko aukera izango da"
Zubieta Pilota Elkarteko ordezkariak eginiko galderari helduta, "zer izango litzateke Donostia Zubieta gabe?", itaundu du Errebote Egunaren aurkezpen agerraldian parte hartutako Donostiako alkate Eneko Goiak.

Lehendik esan izan duen moduan, "hona etortzeko aukera dudan bakoitzean, gustura etortzen naiz, uste dudalako Zubieta dela Donostia egiten gaituen parteetako bat eta askotan ez dugu hori behar bezala aitortzen eta onartzen. Gaur, benetan plazerra da, aurkezpen honetan parte hartu ahal izatea, oso gurea den kirol bat mundura zabaltzen egiten den saio honetan".

Errebotearen alde lanean dihardutenak eskertu ditu Goiak; Zubieta Pilota Elkartea, Zubietako Herri Batzarra eta Usurbilgo Udala. "Hemen, elkartzen gaituen zerbait dugu, eta hori garrantzitsua da, beste gauza askoren gainetik".

Errebote Egunaren bidez, aurreikusi duenez, "bertara hurbildu nahi duten guztiek gozatzeko aukera izango dute, aukera izango da ere gure nortasuna zer den adierazteko. Hori da garrantzitsuena eta etorkizunean ere zaindu eta egin beharreko gauza dugu". Ahalegin horretan, "Donostiako Udalak Zubieta berea sentitzen duelako ere bai, bidelagun izango gaituzue".

"Zubietaren eta Usurbilen nortasunaren parte da errebotea"
Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak ere bat egin du erreboteak Zubietarentzat duen esanahaiaz gainerakoek adierazitakoarekin. "Zubietaren nortasunaren parte da errebotea eta Zubietaren parte den neurrian, Usurbilen nortasunaren parte bat da. Eta badagokigu, ondorioz, hori ezagutu, balioan jartzea ere Usurbildik". Horretan dihardu, alkateak gogorarazi duenez, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoaren bidez.

"Duela lau urte abiatu genuen 650 Usurbil Bizi proiektu horretatik eskaintza bat egin nahi dugu Usurbilgo baloreetan, ondarean (material edo inmaterialetan). Usurbilek azken urteetan abian jarri dituen proiektu eraldatzaileetan oinarritzen den eskaintza bat egin nahi dugu Usurbildik Euskal Herrira eta Euskal Herritik mundura, zergatik ez".

Aipatu proiektu turistikoaren baitan, gogorarazi duenez, "Usurbil ezberdinak lantzen aritu gara, horiek ezagutzeko aukera ematen du proiektu honek eta orain arte hainbat Usurbil, esparru landu ditugu; Usurbil Museo Irekia, Zaintzaren, Sagardoaren, Zero Zaborren, Memoria Historikoaren, Ondarearen Usurbil, asko dugulako ere erakusteko Usurbildik eta orain, azkeneko aste eta hilabete luzeetan aurrera eraman dugun elkarlanari esker, aukera dugu proiektu horretan jada jasotzen zen errebotearen Zubieta erakusteko".

650 Usurbil Biziren ardatza, "oinarria, funtsa, elkarlana da. Orain arte, aurrera eraman ditugun proiektu guztiak herriko elkarteekin elkarlanean eraman dira aurrera eta hau ere. ezin zuen bestela izan, eta gaurko argazkia ere bada horren seinale".

Nabarmendu duenez, "guretzako zer erakutsi nahi dugun bezain garrantzitsua delako nola egiten dugun bide hori, nola eraikitzen ditugun errelatoak, zer den kanpora begira erakutsi nahi dugun hori, eta beti adostasunetik eta elkarlanetik eraikitako mezu, errelato eta proiektuak, Errebotearen Egun hau bada horren seinale. Beraz, nire aldetik, plazer handi bat izan da proiektu honetan parte hartzea, saiatu gara gure aletxoa jartzen".

Errebotea ezagutu eta "plaza eder honetan eta asteburu eder batez gozatzeko" aukera izango da irailaren 27koa eta 28koa Zubietan, Usurbilgo alkatearen esanetan.

"Ez dadila asteburu batera mugatu"
Erreboteak Zubietarentzat duen esanahia nabarmendu du Zubietako Herri Batzarraren izenean, haren ordezkari Jon Arroiok. "Argi dago erreboteak Zubietan duen eragina, errebote plaza guretzat ondarea da, betiko herrigunea, herritarrak elkartzeko lekua. Gipuzkoan errebotean jolasteko aukera gutxienetakoa mantentzen dena. Haurrek, gazteek jolasten segitzen dutena".

Errebotea bizirik mantentzeak, Arroyoren esanetan,
"herria ere bizirik mantentzea" eragiten du. Horrez gain, "erreboteak nazio ikuspegia aitortzeko eta lehiatzeko aukera ematen du, muga imaginario horretatik bestaldera, haiekin batera, elkarlanean txapelketa elkarrekin jolastuz eta bien arteko harremanak sendotuz".

Eskerrak eman nahi izan dizkio Zubieta Pilota Elkarteari, "egiten duen lanagatik, eguneroko horretan. Haiek ere haien lanak dituzte eta orduz kanpo ere aritu beharra dago hau dena bizirik mantentzeko".

Usurbilgo eta Donostiako Udalei eskatu die, Errebote Egun hau "ez dadila asteburu batera mugatu, erreboteak asko behar du eta urteko lana dago. Asteburu bat pasako dugu, polita izango da baina urte osoan lanean segi behar da".

Eskerrak helarazi dizkio baita Errebote Eguna iragartzeko Malen Aierbe Zubeldia herrikideari diseinatu duen kartelagatik.

Iraila amaierako Errebote Egunera deitu ditu zubietarrak eta bisitariak. "Denak ongi etorriak izango dira. Errebotea ezagutzeko aukera izan eta egun polita pasa dezagula".


Zubieta, Errebotearen Asteburua
Irailak 27, larunbata
16:30 Gazteen joko garbi partida.
Amaieran, xextoak probatzeko eta jolasteko aukera irekia.
18:00 Karta-jokoen saioa, Dani Carballok diseinatutako pilotari buruzko kartekin.
19:00 Afari-merienda trikitixak alaituta.
20:00 Zubietako Herri Eskolakoek erreboteari eskainitako totemaren aurkezpena.
21:00 "Errebotea. Plaza-joko baten muina" bideoaren proiekzioa.

Irailak 28, igandea
09:00 "Enrike Abril" txapelketako bi partida:
Zubieta 1-Luzean
Zubieta 2-Zaharrer Segi
Partidak ikustean aukera izango da bertatik bertarako azalpenak jasotzeko, ikusleen artean horretan arituko direnen ahotik.

Antolatzaileak: Zubieta Pilota Elkartea, 650 Usurbil Bizi.
Laguntzaileak: Donostiako Udala, Usurbilgo Udala, Zubietako Herri Batzarra.