Alfonbra gorria prest dute Gipuzkoako hiriburuan. Izan ere, ostiral iluntze honetan abiatuko da Donostiako 73. Zinemaldia. Bertako nahiz nazioarteko zinema "izarren" topagunea izango da hilaren 27ra arte. Aurten, Zinemaldiaren hedapena gure arteraino helduko da.
Zubietan proiekzio alternatiboa
Alde batetik, herri eragile ezberdinen arteko lankidetzari esker, Zinemaldi alternatiboa antolatu dute Donostiako auzo ezberdinetan, "San Sebastian Insurrectionary Fandango Festibal" izenburupean. Urrunago baita, aurten, Zubietan.
Izan ere, Donostiako Zinemaldian ematen ez dituzten pelikulak izaten dira ikusgai, eta alfonbra gorrietatik eta fokoetatik kanpo dauden guneetan proiektatzen dituzte. Segidan duzue aurtengo kartela eta bertan ikusiko duzuenez, emanaldietako bat Zubietan iragarri dute, irailaren 21ean 20:00etan errebote plazan; euria bada, Kaxkapen, bertako Gurdi Ertz kolektiboaren eskutik.
"Uharte bat eta gau bat" filma eskainiko dute. Pelikularen egileak Lentillereseko Piratak dira, eta Dijoneko (Frantzia) gune autogestionatu batean murgiltzen gaitu. Bertako egunerokotasuna, imajinario politikoa eta erresistentzia kontatzen duen film bat da.
Urbil, Zinemaldiaren baitan
Zinemaldi alternatiboaren baitan, Zubietan eskainiko den proiekzioaren egunean bertan hasiko da Urbil merkatal gunean Donostiako Zinemaldi ofizialari lotutako zikloa, hilaren 27ra arte luzatuko dena. Urbil lehenagotik "Zinemira" atalaren babeslea zen, baina aurten, bost proiekzio emango dira bertan. Batetik, Animaziozko Film Onenaren Oscar saria jaso zuen "Flow" pelikula proiektatuko da. Pelikula horiez gain, "Faisanen Irla", "Kaixo Frida", "Heidi, katamotzaren erreskatea", eta "Goazen 12" ikusi ahal izango dira. Proiekzio guztiak irailaren 20a eta 27a bitartean izango dira eta beti 18:30ean:
-Irailak 20: Kaixo, Frida!
−Irailak 21: Flow
−Irailak 25: Go!azen, lehen kapitulua
−Irailak 26: Faisaien Irla
−Irailak 27: Heidi, katamotzaren erreskatea