Erreboteari gorazarre egin, Zubietako herri nortasunean izandako ibilbidea eta ondare gisa duen aberastasuna aitortu, eta batez ere, bere ezagutzan sakondu nahi izan dute asteburu honetan, Zubieta Pilota Elkarteak eta 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak antolatu eta Usurbil nahiz Donostiako Udalek Zubietako Herri Batzarrarekin batera lagundutako zikloaren bidez.
Modu ezin egokiagoan partekatu nahi izan dute ezagutza hori, jolastuz, errebotean jokatzen. Hala, Zubietako Errebotearen Eguna gaztetxoen arteko neurketarekin abiarazi ostean, segidan, edonork izan zuen errebote plaza hartu eta jarduera honetan proba moduan aritzeko aukera.
Eta proba egitera animatu ziren bai, haurrak, gazteak, edota helduak. Errebote plazaren bi muturretan kokatuak dauden hormak baliatu zituzten, talde handiago zein txikiagoan trebatze esperimental honetarako. Bidelagun izan zituzten, gainera, Zubieta Pilota Elkarteko kideak. Joko arauak azaltzen aritu ziren, jarduera honetan aritzeko teknika irakasten, baina garrantzitsuena dena, tarte atsegin bat bizi eta zer ikasia badugun jarduera sakonago ezagutarazten.
Irudiotan ikus dezakezuen moduan, parte hartzaileak gustura aritu ziren probatzen. Gogotik saiatu ziren eta jarduera honekiko iaiotasuna agertu zuten baita.