Zubietako Errebotearen Eguna

Zubietak, informazio gune berria erreboteaz

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 28a, 16:38

Errebotearen ekarpena aitortu eta jarduera honen ezagutzan sakontzeko baliagarria izango zaizuen informazio txokoa prest dute Zubietan, plaza ondoan. Asteburu honetan inauguratu dute bertako eskolako kideen eskutik.

Errebotera modu ezberdinetan gerturatu eta bizitzeko aukera ederra izan da asteburu honetan Zubietan. Bertako pilota elkarteak eta 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak, Usurbilgo eta Donostiako Udalen nahiz Zubietako Herri Batzarraren laguntzaz antolaturiko zikloaren baitan, aurrerantzean iraunkorki guztion bistan, guztion eskura izango den baliabide berri bat ere inauguratu dute; erreboteari buruzko informazio panel bat. Errebote plazaren ondoan aurkituko duzue.

Zubietako eskolakoek eginiko lanaren emaitza da baliabide hau, bart abesten nahiz dantzan jendaurrean aurkeztu zutena. Errebotearen ezaugarriak, kokapena edota historiari lotutako hainbat datu eta xehetasun interesgarri eskaintzen ditu, Zubieta Pilota Elkarteak, Herri Batzarrak, Usurbilgo nahiz Donostiako Udalek lagunduriko euskarriak.

"Lehengo urteko hiruhilabeteko gure proiektua izan zen errebote plaza eta bururatu zitzaigun panel informatibo bat egitea", azaldu zieten eskolako ikasleek larunbat iluntzeko inaugurazio ekitaldira joandako senide, lagun eta herrikideei.

Horretarako, lehenbizi, "geletan talde txikitan banatu eta informazioa bilatzen hasi ginen". Gero, jada modu finkoan errebote plazan ondoan kokatu duten totemaren maketa modukoa sortu zuten. Hortik, egun gauzaturiko euskarrirako udalen laguntza jaso dute. "Donostiako eta Usurbilgo alkateei ondo iruditu zitzaiein ideia eta lan hau aurrera eramatea pentsatu zuten".

Horrez gain, bart abesturiko kanta ere sortu diote erreboteari. Aipatu moduan, inaugurazio ekitaldira joandakoek elkarrekin aritu ziren kantuan. Aurreskua ere dantzatu zioten totem berriari.