Zubietako Errebotearen Eguna

Esker onez hartu dute "Errebotea, plaza joko baten muina" ikus-entzunezkoaren estreinaldia

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 28a, 16:47

Errebotearen ezagutza askotariko moduetan partekatu nahi izan dute asteburu honetan Zubietan. Hilabeteotan ondutako "Errebotea, plaza joko baten muina" izeneko ikus-entzunezkoa ere estreinatu dute, Zubietatik eta zubietarrek auzolanean eginikoa. Bart proiektatu eta aurkeztu dute, nola ez, errebote plazan.

Errebotean trebatu nahi duenak, kirol jarduera honen nondik norako nagusiak ezagutu eta barneratzen joan nahi duenak aukera ederra izan du asteburu honetan Zubietan trebatzen hasteko. Ikusi, entzun, ikasi eta jokatzeko aukera eskaini du Errebotearen Egunak. Tartean, "Errebotea, plaza joko baten muina" izeneko ikus-entzunezkoa estreinatu zuten larunbat iluntzean; nola ez, errebote plazan.

Auzolanean sortu dute, Zubietako herritik eta herritarren eskutik. Haien ahotik, errebote plazatik eta errebotean jardunez, ikusi eta ikasi dezakegu zer den kirol jarduera hau eta horren berezitasun nagusiak.

Errebotea ulertzeko gakoak
Proiekzio txalotu honen harira, solasaldia egin zuten. Gogorarazi zutenez, asko dira errebote neurketak ikustera joaten direnak Zubietara, baina ezer gutxi ulertu gabe joaten dira partida hauek amaitu ostean eta hortxe amaitzen da kirol jarduera horrekin duten hartuemana.

Horretara dator, ikus-entzunezko hau, izaera didaktikoa duena. "Bideo hau ikusten duenak errebotea ulertzeko gako batzuk" barneratzen laguntzea du xede. Horixe zen hain zuzen, larunbat iluntzeko sorkuntza lan honen estreinaldiaren helburua eta galdera nagusia; ea lan hau ikusita, ikus-entzuleek aurrez zuten errebotearekiko ulermen maila hobetzea ahalbidetzen zien.

Hitza hartu zutenek baietz esan zuten, nahiz oraindik berriz ikusteko beharra sentitu, ulermen maila horretan sakontzen segitzeko. Horretara animatu zuten solasaldian parte hartu zutenek, zalantzak argitzera, galdetzera. Izan ere, "jokoak badu bere konplexutasun hori".

Harrera oso ona
Ikusitakoaz iritzia emateko aukera izan zuten errebote plazara joandakoek. "Emozio handia sentitu dut", nabarmendu zuen herrikide batek. Gaztetxo batek adierazi zuenez, "bideoa oso ondo egina dago, ez nekizkien gauza batzuk ulertu ditut". Esker oneko agertu zen gainerakoak bezala.

Horrez gain, balioan jartzeko modukoa iruditu zitzaion beste herrikide bati, hizkera zaintzeko egindako ahalegina, hainbat termino bideoan jasota geratzea garrantzitsutzat jo zuen. Horrez gain, "emakumeen presentzia ere nola bilatu den", goraipatzeko modukoa iruditu zitzaion, izan ere, "askotan ez gaudelako ohituta plaza honetan emakumeak jokatzen ikustera eta bideoak erakutsi du hori. Izan dadila jokatu nahi duenarentzat motibagarri edo bideragarri".

Baina aipatu zuten, berriro ikusteko beharra ere. Horren harira, ikus-entzule batek galdetu zuen ea eskuragarri egongo den ikus-entzunezko pieza hau. Baietz erantzun zitzaien solasaldi mahaitik; plataformetara igoko dutela laster eta horren berri emango dutela. Hartara, nahi adina aldiz ikusteko aukera izango da.

Eskertzak
Gogotik txalotu zuten bertaraturikoek ikusi berri zuten ikus-entzunezkoa. Amaieran, hainbat eskertza helarazi nahi izan zituzten solasaldiaren bidez. Batetik, ekoizpen lanetan aritutako Haritz Arrizabalagaren ahalegina, muntaketa lan konplexuagatik.

Errebotearen Eguna iragartzeko kartelaren diseinatzaile Malen Aierbe Zubeldia ere eskertu zuten. "Errebotearen etorkizuna" irudikatu nahi zuten euskarri honen bidez eta emaitzarekin gustura geratu dira antolatzaileak, "Malenek oso lan polita egin du", nabarmendu zuten.

Egileak, bere aldetik, eskerrak helarazi nahi izan zituen sorkuntza lan hau egiteko aukera eskaini izanagatik. Errebotearen ezaugarriak bildu nahi izan zituen; "talde kirol bat dela eta taldekide desberdinek funtzio desberdinak betetzen dituztela. Gero, Zubietako Errebotearen Eguna denez, Zubieta irudikatzeko ere plaza honetako bereizgarria den zuhaitzez inguratutako plaza irudikatu nahi izan nuen". Dokumentala txalotzearekin batera, aberasgarritzat jo zuen biharamuneko errebote partidak "gehiago gozatu eta ulertzeko".

Eskertza nabarmenena, Zubieta Pilota Elkarteko ordezkari Mikel Bengoetxeak jaso zuen, urte luzez erreboteari eusten eginiko ahaleginagatik. "Berak eraman du euste horren lidergoa" eta hori eskertzeko, oroigarri ederra eman zioten.

"Jolastea, trebatzeko modurik onena"
Amaitzeko, solasaldi mahaitik ikus-entzunezko lan honen sustatzaileek nabarmendu zuten, "loraldi" modukoa bizitzen ari direla azkenaldian Zubietan. Izan ere, errebotean, pilota, yoko garbian jokatzen ari da jendea. "Jolastea da kirol hau ikasteko, horretan trebatzeko modurik onena", gogorarazi zuten.

Ildo horretan, "ikusten ari gara zubietar gazte batzuk errebotean edo yoko garbian jolasten, zestoan. Pozgarria zaigu eta are gehiago, neskak eta mutilak direlako. Bideoan Miriam Arrillaga agertzen zen. Ez dadila emakumezko pilotari bakarra izan Zubietako taldean ariko dena. Etorkizun hurbilean seguru gehiago izango direla".