Iraila hasieratik abian da 62. Enrike Abril errebote txapelketa. Gogoan izan, zortzi talde ari dira lehiatzen, haietatik bi Zubietan osatu dituzte. Gainerakoak, Senpere, Txost, Zaharrer Segi, Luzean, Kanboarrak eta Behar Zana dira.
Hilabete honetako lehen asteburutik astero ari dira jokatzen neurketak Zubietan bertan, Villabonan edota Oiartzunen. Azken txanpara begira jarri aurretik, asteburu honetako bi neurketa Zubietan jokatu dira, igande goiz honetan hain zuzen, irailaren 28an. Zubieta 1 eta Luzean eta Zaharrer Segi eta Zubieta 2 lehiatu dira.
Azalpenekin
Normalean, neurketa bakarra jokatzen dute, gaurkoa, alde horretatik, ezohiko igandea izan da. Izan ere, bi partida jokatu dituzte, bietan Zubietako taldeek parte hartu dute. Baina horrez gain, berezia izan da baita ere hitzordua. Errebote plaza ondora hurbildu direnak "jokoaren azalpenak" dioen kartelekin egin dute topo.
Nahita jarri ditu Zubieta Pilota Elkarteak. Izan ere, 650 Usurbil Bizi herri egitasmoarekin batera eta Usurbilgo zein Donostiako udalen nahiz Zubietako Herri Batzarraren laguntzaz erreboteari eskainitako asteburu bereziaren baitan txertatu dituzte gaur goizeko bi neurketak. Partida hauek zuzenean jarraitzeaz gain, zuzeneko kontakizuna egiten aritu dira aipatu pilota elkarteko kideak. Alegia, errebote jokoa ikusteko soilik ez, ikasteko aukera ere izan da. Jarduera honi buruzko nondik norakoak azaltzen aritu zaizkie hala nahi izan dutenei.
Hitzordu horrekin eman diote amaiera hain zuzen, larunbat arratsaldetik erreboteari eskainitako aitortza eta ospakizun asteburuari. Amaitu da jaialdi hori, baina 62. Enrike Abril errebote txapelketa ez. Hurrengo igandean jokatuko dira lehen faseko azken neurketak. Gero helduko dira finalerdiak eta final handia; aurtengoa, Zubietan jokatuko da.
62. Enrike Abril Errebote Txapelketa
Urriak 5, igandea
10:30 Zubietan: Kanboarrak-Zubieta 1
10:30 Villabonan: Zubieta 2-Behar Zana
Urriak 12, igandea
Finalerdiak.
Urriak 19ko asteburua
Finala Zubietan.