Usurbilgo lehen Raid-a jokatu da

Noaua Aldizkaria 2025ko ira. 28a, 17:27

Zaldiek eta zaldizkoek hartu dute igande goiz honetan Urdaiaga. Usurbilgo Lehen Raid-a jokatu da estreinakoz, herrian berriki osatu duten Andatza Endurance Kirol Klubaren eskutik. Gertutik nahiz urrunagotik etorritako parte hartzaileek distantzia ezberdinetako irteera egin dute.

Zaldiak joan-etorrian gaur Urdaiagan gora eta behera. Haiek izan dira protagonista gaurkoan. Izan ere, estreinakoz Usurbilgo Lehen Raid-a jokatu da bertan. Goizeko lehen ordutik, prestaketak bideratu dituzte goizeko 9:00etan hasi dituzten irteera saioetarako. Zaldiak nahiz zaldizkoak prestatu eta antolatzaileen argibideak jaso dituzte Urdaiagara igotzeko bidean.

20, 40, 60 eta 80 kilometrotako kategorietan jokatu da ekimena. Multzoka abiatu dira 9:00etatik aurrera Andatzara bidean. Ateri eta epel esnatu zaie igande hau, gertutik nahiz urrunagotik heldutako parte hartzaileei.

Lehiaketa honetan, aurrez ezarritako hainbat kilometrotako etapa edo faseak osatu behar izaten dituzte parte hartzaileek. "Fase bakoitzaren amaieran, albaitariek zaldiak ikuskatzen dituzte". Ez badute arazorik sumatzen, albaitariok baimentzen dute zaldiok lasterketan jarraitu ahal izatea.

Diziplina honek "zaldiaren eta zaldizkoaren azkartasun, trebetasun eta erresistentzia fisiko zein psikologikoa" jartzen du jokoan.

Estreinaldi bikoitza izan du gaurko Raid honek. Udalerri hau halako proben mapan kokatu du ekimen berriak eta hau antolatzeko bilgune berri bat sortu dute; Andatza Endurance Kirol Kluba izenekoa.

"Endurance" kontzeptuak, euskaraz erresistentzia esan nahi du. Aipatu moduan, zaldien nahiz zaldizkoen erresistentzia jarri du proban gaur estreinakoz eginiko hitzorduak.