156 talde ekologista eta hondakinen tratamendu jasangarriaren defendatzaile diren eragileek gutuna helarazi diote Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyeni eta Europar Batasuneko ingurumen alorreko estatuetako ministroei. Gutun horren bidez, Europar Batasun osoan erraustegi berriak onartu eta eraikitzeko aginduak berehala geldiaraztea eskatu diete.
156 eragile sinatzaile horien artean da GuraSOS. Hiru eskaera helarazi dizkiete aipatu agintariei; batetik, Europar Batasun osoan moratoria aplikatzea errauste planta berrien onarpen eta eraikuntza lanei; bigarrenik, erraustegien gaitasuna gutxiagotzen joateko estatuek eta EB-ak estrategiak lantzea; eta, azkenik, hondakinen kudeaketa segurua eta ingurumenarekiko jasangarria eta erresilientea izango den ekonomia zirkularreko azpiegituretan inbertitzea.
Denek irizten diote, "EBk dagoeneko aurre egin behar diola udal-hondakinak errausteko gehiegizko gaitasunaren krisiari”. Horrez gain, aurreikusten dutenez, “Europak egungo birziklatze-helburuak eta hondakinak murrizteko helburuak lortzen dituenean, egungo azpiegiturak etorkizuneko behar guztiak aseko ditu, zalantzarik gabe”.
"Hondakinen errausketa gero eta arrisku klimatiko handiagotzat hartzen da”
Eragile hauek guztiek gogora ekarri dutenez, "errausketa-ahalmena handitzeak materialak errausteko sistema batera eraman zuen Europa, eta sistema horrek zuzenean ahultzen ditu EBko eta ekonomia zirkularreko hondakinen prebentzioa, berrerabilpena eta birziklapena. Hondakinen errausketa gero eta arrisku klimatiko handiagotzat hartzen da”. Horrekin batera, "errausketa-instalazio berriak eraikitzeak emisio altuko azpiegitura sendotuko luke hamarkadetan zehar, eta horrek zaildu egingo luke Europako Itun Berdearen eta Itun Industrial Garbiaren esparruan estatu kideek beren helburu klimatikoak betetzea”.
Sinatzaileon esanetan, “hondakinak errausteko azpiegitura berrien gaineko luzamendu batek eraikuntza-kostu oso handiak, alferrikako emisio handiak eta kutsadura kaltegarria saihestuko lituzke. Gainera, ekonomia zirkularreko azpiegituretaranzko trantsizio justua bultzatuko luke, berrerabilpen-, konpostatze- eta birziklatze-sistema aurreratu gisa, onura klimatiko, sanitario eta ekonomiko askoz handiagoak sortuko lituzketenak”.
Are gehiago, gogorarazi dutenez, "emisioen kontrolean hobekuntzak egin diren arren, gero eta froga gehiago daude hondakinen errausketa kutsadura larri batekin eta osasunarentzako balizko kalteekin lotzen dutenak. Europa osoan errauskailuetatik gertu dauden komunitateak oso kutsatzaile iraunkor eta toxikoen eraginpean daude, hala nola dioxinak, metal astunak eta PFAS. Horiek lurrean, elikagaietan eta baita giza gorputzean ere aurkitu dira, eta minbiziarekin, disfuntzio immunitarioarekin eta garapenaren nahasteekin lotzen dira”. Halakoak “legedia betetzen duten instalazioetan ere” gertatzen direla adierazi dute.
"Ez zen beharrezkoa eta osasuna eta ingurumenerako arrisku bat da"
GuraSOSen esanetan, "gutunaren edukiak erraustegia eraikitzearen aurka bere garaian azaldu genituen oinarrizko argudioak gogorarazten dizkigu: Zubietako erraustegia gaindimentsionatua zegoen, ez zen beharrezkoa eta osasuna eta ingurumenerako arrisku bat da. Aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak erraustegia eraikuntza horiekin bukatzea zegokion fasean eraiki zuela ikusteko aukera ematen digu, hau da, Europako joeraren kontrako norabidean".
Gogora ekarri dutenez, "Zubietako instalazioek, besteak beste, egiturazko arazo larria dute, bi zentzutan: sortu behar ez lituzkeen lixibiatuak sortzen dituzte, eta, gainera, estankotasun-sistemak urak egiten ditu, ezin hobeto esanda, urak geldiarazteko gai ez dela erakusten baitu. GHK-k eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu dituzten gatazka puntualen sorburuan daude: Arkaitzerrekara eta lur azpiko uretara egindako isurketa kutsakorrak, erakunde arteko gatazkak sortu dituzten lixibiatuen legez kanpoko garraioak…".
Beste behin, elkarrizketarako bidea irekitzea eskatu dio GuraSOSek Gipuzkoako Foru Aldundiari, "apaltasunetik, baina baita gure bereizgarria den eta frogak soberan dituzten determinaziotik ere, Zubietako erraustegiaren orainaz eta etorkizunaz hitz egiteko". Bi aukera daude arazo honi aterabide bat bilatzeko, GuraSOSen esanetan. "Epaitegietan auzitan jarrai dezakegu in eternum, edo mahai baten inguruan hitz egin dezakegu, Zubietako erraustegiak, ukaezinak diren eta sortzen dituen ingurumen kutsadura eta auzotarren osasun arazo larriei konponbidea bilatzen saiatzeko”.