Zinemaldi Alternatiboa

"Herri mugimenduaren indarra erakutsi dugu elkarrekin"

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 2a, 14:53

17. Zinemaldi Alternatiboak irailaren 18tik 28ra antolaturiko "San Sebastian Insurrectionary Fandango Festibal" zikloaren balantzea plazaratu du. Gogoan izan, ekimeneko proiekzioetako bat Zubietako Kaxkapen eskaini zuten.

Igaro dira Zinemaldi egunak Donostian, baita paraleloki eskaini diren proiekzio alternatiboak ere. Zinemaldi Alternatiboaren hamazazpigarren edizioari lekua egin zaio aurten ere, herri eragile hainbaten eskutik, Gipuzkoako hiriburuko txoko ezberdinetan, baita urrunago ere, Donostiak ere lurrak badituen Zubietan.

Gogoan izan, "San Sebastian Insurrectionary Fandango Festibal" izeneko zikloaren baitan, "Uharte bat eta gau bat" proiektatu zuen irailaren 21ean Kaxkapen ekimen honen parte hartzaileetako baten, Gurdi Ertz kolektiboaren eskutik. Izatez, errebote plazan eskaini behar zuten, baina euria tarteko, aterpe beharrean izan ziren.

Aipatu moduan, Donostiako hainbat auzoetan ere eskaini ziren proiekzioak Zinemaldiak iraun zuen artean. Ekimen horren bidez, Donostiako Zinemaldian ematen ez dituzten pelikulak izaten dira ikusgai, eta alfonbra gorrietatik eta fokoetatik kanpo dauden guneetan proiektatzen dituzte.

Zinemaldi Alternatiboa igarota, antolatzaileek segidan duzuen balantzea plazaratu dute. "Inoizko ediziorik indartsuena izan da", nabarmendu dute, hamazazpigarren edizioa ahalbidetu dutenei eta parte hartzaileei eskerrak helaraztearekin batera, tartean, Zubietako proiekzioa eskainitako Gurdi Ertz kolektiboari nahiz Kaxkapeko emanaldira joandakoei.

Honako edizio hau ere palestinar herriari elkartasuna adierazteko baliatu nahi izan dute. "Gure bihotza eta ekintzak beti egongo dira haiekin, genozidio jasanezin hau eta kolonizazioa amaitu arte", jakinarazi dute antolatzaileek.


Zinemaldi Alternatiboaren balantzea
Amaitu da Zinemaldi Alternatiboaren 17. edizio eder hau. Zinemaren bidez, filme bikainak proiektatzeko aitzakian, komunitatea ehuntzen aritu gara Donostian. Inoizko ediziorik indartsuena izan da: hamar film ikusi ditugu hamar leku ezberdinetan, horietako asko, Zinemaldi ofizialak baztertzen dituen gure auzoak.

Eskerrik asko edizio hau posible egin duzuen eragile eta laguntzaile guztiei, herri mugimenduaren indarra erakutsi dugu elkarrekin: Letaman, Txantxarreka eta Añorgako gaztetxeak; Uliako Mintegietako parkea; Marruma Kulturalak; Behin Batean Txomineneko euskaltzaleen taldea; AZGA; Gurdi Ertz kolektiboa; Komite Internazionalistak; Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleak eta Arkitektura Eskola. Datorren urtean saio bat antolatu nahi baduzue, jarri gurekin harremanetan, badakizue non aurkituko gaituzuen.

Horrez gain, proiekzioak aurkezten inoiz baino jende gehiago izan dugu eta esker ona adierazi nahi diegu hemendik: Human Conet, Sot a Terra, Directa, Kneecap Euskaraz, Jaxsa eta Lentilleres (Dijon) auzo libreko kide bat.

Saioetara etorri zareten guztioi ere, bihotz-bihotzez, eskerrak eman nahi dizkizuegu. Tenperatura freskoak izan arren, arrats goxoak pasa ditugu elkarrekin, zinemaren eta elkartasunaren bueltan.

Eta amaitzeko, gogorarazi nahi dugu, aurten ere, gure elkartasuna erakutsi nahi izan dugula Palestinako herriarekin: ez bakarrik kartelaren irudian eta Saguesko azken saio berezian, baizik eta proiekzio guztietan presente eginez gaia, Donostian Zinemaldi Alternatiboak iraun bitartean egin diren bi manifestazioekin bat egin eta hauen berri zabalduz. Gure bihotza eta ekintzak beti egongo dira haiekin, genozidio jasanezin hau eta kolonizazioa amaitu arte.

Honenbestez, datorren urtera arte lagunok.