Zubietako erraustegia

Hamazazpi zuzendari eta teknikariek ikertu gisa deklaratuko dute, Arkaitzerrekako isurketen harira

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 12a, 11:30

2022ko uztailaren 13an erraustegitik Arkaitzerrekara izandako isurketa kutsakorren auziaren harira nobedadeak daude, egunotan GuraSOSek jakinarazi duenez. izan ere, hamazazpi lagun ikertu gisa deklaratzera deitu ditu Donostiako 5. instrukzioko epaitegiak azaroaren 4ean, 5ean eta 6an. Aipatu elkartearen arabera, Zubietako erraustegiaren jardunari lotutako Ekondakin eta Ekobal enpresetako zuzendaritzako kideak daude deklarazioa hartzera deitu dituztenen artean, baita lanen akten eta egiaztagarien igorleak ere.

Deklarazio hartze hau, aipatu epaitegiak Gipuzkoako ingurumen fiskaltzaren eskariz galdegindako adituen txostenean eta Guardia Zibiilaren atestatuan oinarritua dago, GuraSOSen arabera.

Elkarte horretatik zehaztu dutenez, adituen txostenaren arabera, lixibiatuak dituzten erraustegiko instalakuntzen elementu ezberdinak martxan jarri zituzten, haien hermetikotasuna bermatu gabe. Horrez gain, haien irazgaitasun gabezia eta horren ondoriozko filtrazioak eragindako akats teknikoak ez ziren konpondu. Horregatik, GuraSOSek ezagutzera emandako txosten horren arabera, "lixibiatuen isurketa jarraituok ingururako arrisku handikoak dira", erraustegiko jardunak eragindakoak direlako eta bere osagaiengatik.

Txosten horren harira, GuraSOSek nabarmendu duenez, "hutsuneak detektatu ziren baina ez ziren konpondu eta erraustegiaren jarduera eta funtzionamendua abiatzea baimendu zuten, ustezko ingurumen delituaren iturri izan dena". Ordutik, "enpresa ezberdinetako teknikariek hainbat egiaztagiri igorri zituzten eta obren kontrolaren gaineko aktak" egon behar zuten.

Testuinguru horretan, azaroko deklarazio hartzeen aurretik, GuraSOSen esanetan, "otsailean eta hurrengo hilabeteetan, Guardia Zibilaren aurrean agertu ziren, "ikertu baina ez atxilotu gisa. Gehienek deklarazioa egiteari uko egin zioten horretarako duten eskubidea baliatuta". Aipatu elkarteak gogorarazi duenez, horregatik izan dira deituak azaroan auzitegian deklaratzera.

Ikertu gisa deklarazio hartze horretatik kanpo utzi dituzte GuraSOSen arabera, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko ordezkariak "nahiz eta erraustegiaren egitura sozietarioaren organigramaren buru den, Guardia Zibilaren adituen txostenaren arabera". Horregatik, GuraSOSek azpimarratu duenez, "akusazioaren zereginetako bat izango da auzitegiak ebatzi ditzala GHK-ren inguruko erantzukizun penalak, ingurumen baimenaren titular gisa, bete gabekoa baita emakidadunaren kontratua betetzea kontrolatzera behartua zegoena".

"Konpondu izanaren ziurtasunik ez dago"
GuraSOSen arabera, lerrootan deskribaturiko likido eta lixibiatuak sortzea eta hobi zein ubideen hermetikotasun falta "erraustegiko instalakuntzen egiturazko arazo iraunkorra" da eta "lurrazpiari eta inguruko urei eragiten dien kutsadura iturri larria".

Izan ere, arazo hau konpondu ez den artean, gogora ekarri du GuraSOSek nola garraiatu diren lixibiatu horiek Nafarroako Artaxoako Ecofert plantara edota Bilboko Sader-era eta horrek eragindako gatazkak eta arazoak. Horrez gain, "alarma eragin du lixibiatuok Loiolako araztegira desbideratzeagatik eta handik Zurriolako hondartzara edota Orioraino, Oria kutsatzeagatik".

Gaur egun oraindik, GuraSOSen esanetan "pertsonen osasunean eta ingurumenean larritasun handiko ondorio kalkulaezinak eragindako gabezia horiek guztiak konpondu izanaren ziurtasunik ez dago".

"Erraustegiaren hobia urak hartuta egon zen"
Guardia Zibilaren adituen txostenak baieztatzen du GuraSOSen esanetan, erraustegia martxan jarri zutela "proiektuan jasotako hermetikotasun, drainatze eta ponpaketa lanak egin gabe eta Foru Aldundiak berak egiaztatu ahal izan zuen urte eta erdi geroago egin gabe jarraitzen zutela".

Tarte horretan guztian, GuraSOSek gogora ekarri duenez, "erraustegiaren hobia urak hartuta egon zen. Berehala kendu beharrean, biltegiratua utzi zuten, isurkera eraginez". Aipatu elkarteak adierazi duenez, "ikerketak ondorioztatzen du biltegiratutako lixibiatuak kendu izan balira, ez zela isurketa modu berean gertatuko nahiz eta TMB-ko hobiak eta biolehortzeko lerroek iragazketak izan. Izan ere, iragazgaitasun akatsa egiturazkoa da eta TMB-ko zein erraustegiko hobiei eragiten die".

Horrekin batera, "txosten teknikoak ionizatu gabeko amonio kontzentrazio handiak eta eroankortasun balore altuak aurkitu ditu baita kromo, zink, berun, nikel, burdin, manganeso eta zilarra, baita plastiko mota batzuk, oso toxikoak direnak uretako organismoentzat eta ingurumenarentzat".