Azken orduotan, beste behin, Zubietako erraustegiaz zabaldutako zenbait irudi dituzue segidan. Ke zutabe handia ikus zitekeen larunbat arratsaldean, urriaren 11n. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) hedabideetara helarazitako oharraren arabera, sute txikia izan da "tamaina handiko hondakinen hobian, birrintzeko zonaldean". Sute txikitzat jo duten hori berehala amatatzea lortu omen dute erraustegian bertan, une horretan lanean ari zirenen aldetik. Protokoloari jarraiki, suhiltzaileei ere deitu diete. Sua guztiz itzalita zegoela eta segurtasun neurriek egoki funtzionatu dutela egiaztatzen izan dira erraustegian bertan. Suteak GHK-ren arabera, ez du kalte pertsonal zein materialik eragin.
Jatorria, "mankomunitateren baten material sukoiaren deskargan" kokatu du Kontsortzioak eta mankomunitateei "plantan sartzea baimenduak ez dauden materialen debekua betetzearen" garrantzia gogorarazi die.
"Izua, kezka eta haserrea"
Horraino, GHK-k adierazitakoa. Erraustegitik ikusi ahal izan den ke zutabe handiaren hainbat argazki eta bideo grabatu eta zabaldu dira azken orduotan. Bideotako bat jaso dutenen artean izan da, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesa. Sare sozialen bidez, adierazi duenez, "izua, kezka eta haserrea baino ezin ditut sentitu. Zer gertatzen ari da? Ze kontrol mekanismo ditu planta horrek? Informazio argia eta gardena behar dugu inguruko erakunde eta herritarrok!".
Errausketaren Aurkako Mugimenduak edota Eguzki talde ekologistak ere gertatu denari erantzun diote, baita herritarrek ere. Hain zuzen, herritarrek ateratako irudietan, ikus daiteke GHK-k sute txikitzat jotakoa nola ezin izan duten berehala guztiz itzali.
Bideo hau jaso berri dut Zubietako errauste plantatik! Eta izua, kezka eta haserrea baino ezin ditut sentitu. Zer gertatzen ari da? Ze kontrol mekanismo ditu planta horrek? Informazio argia eta gardena behar dugu inguruko erakunde eta herritarrok! pic.twitter.com/aTBl68z2qI
— Agurtzane Solaberrieta (@AgurtzaneSola) October 11, 2025
Asensio eta enparauak angulak jaten debekatu aurretik. Ezer larririk ez, jakina. pic.twitter.com/nY5VjDnHNu
— Eguzki (@EguzkiEH) October 11, 2025
Ekonomia zirkular giroa Gipuzkoako errau$tegi toxikoan 👏👏👏 pic.twitter.com/q4dwfLA2br
— Erraustegiaren A.M. (@ErrausAurkMugi) October 11, 2025
"rápidamente sofocado" pic.twitter.com/AstwXCisls
— Xingola Usurbil ♻️ (@XingolaUsurbil) October 11, 2025