Errebotea ikasi, ikusi eta trebatzeko aukera eskaini zuten Zubieta Pilota Elkarteak eta 650 Usurbil Bizi herri egitasmoak antolatu eta Usurbil nahiz Donostiako Udalek Zubietako Herri Batzarrarekin batera lagundutako zikloaren bidez, iraileko azken asteburuan.
Errebote partidak, trebatzeko saioak, kirol jarduera honi eskainitako totemaren inaugurazioa... eta ekintza gehiago egin zituzten; tartean, "Errebotea, plaza joko baten muina" izeneko ikus-entzunezkoa ere estreinatu zuten; nola ez, errebote plazan.
Auzolanean sortu dute, Zubietako herritik eta herritarren eskutik. Haien ahotik, errebote plazatik eta errebotean jardunez, ikusi eta ikasi dezakegu zer den kirol jarduera hau eta horren berezitasun nagusiak. Irailaren 27an aurkezturikoa, sarean ikusgai jartzeko asmoa erakutsi zuten. Esandakoa egin dute. Aipatu ikus-entzunezko pieza Zubieta Pilota Elkarteak Youtuben duen kanalean ikus dezakezue, @ZubietaPilotaElkartea helbidean hain zuzen.
Errebotea ulertzeko gakoak
Ikus-entzunezkoaren proiekzio txalotu honen harira, solasaldia egin zuten irailaren 27ko jaialdiaren baitan. Gogorarazi zutenez, asko dira errebote neurketak ikustera joaten direnak Zubietara, baina ezer gutxi ulertu gabe joaten dira partida hauek amaitu ostean eta hortxe amaitzen da kirol jarduera horrekin duten hartuemana.
Horretara dator, ikus-entzunezko hau, izaera didaktikoa duena. "Bideo hau ikusten duenak errebotea ulertzeko gako batzuk" barneratzen laguntzea du xede. Horixe zen hain zuzen, sorkuntza lan honen estreinaldiaren helburua eta galdera nagusia; ea lan hau ikusita, ikus-entzuleek aurrez zuten errebotearekiko ulermen maila hobetzea ahalbidetzen zien.
Hitza hartu zutenek baietz esan zuten, nahiz oraindik berriz ikusteko beharra sentitu, ulermen maila horretan sakontzen segitzeko. Horretara animatu zuten solasaldian parte hartu zutenek, zalantzak argitzera, galdetzera. Izan ere, "jokoak badu bere konplexutasun hori".
Harrera oso ona
Ikusitakoaz iritzia emateko aukera izan zuten errebote plazara joandakoek. "Emozio handia sentitu dut", nabarmendu zuen herrikide batek. Gaztetxo batek adierazi zuenez, "bideoa oso ondo egina dago, ez nekizkien gauza batzuk ulertu ditut". Esker oneko agertu zen gainerakoak bezala.
Horrez gain, balioan jartzeko modukoa iruditu zitzaion beste herrikide bati, hizkera zaintzeko egindako ahalegina, hainbat termino bideoan jasota geratzea garrantzitsutzat jo zuen. Horrez gain, "emakumeen presentzia ere nola bilatu den", goraipatzeko modukoa iruditu zitzaion, izan ere, "askotan ez gaudelako ohituta plaza honetan emakumeak jokatzen ikustera eta bideoak erakutsi du hori. Izan dadila jokatu nahi duenarentzat motibagarri edo bideragarri".
Baina aipatu zuten, berriro ikusteko beharra ere. Horren harira, ikus-entzule batek galdetu zuen ea eskuragarri egongo den ikus-entzunezko pieza hau. Baietz erantzun zitzaien solasaldi mahaitik; plataformetara igoko zutela laster, egunotan egin bezalaxe.
"Jolastea, trebatzeko modurik onena"
Solasaldi mahaitik ikus-entzunezko lan honen sustatzaileek nabarmendu zuten, "loraldi" modukoa bizitzen ari direla azkenaldian Zubietan. Izan ere, errebotean, pilota, yoko garbian jokatzen ari da jendea. "Jolastea da kirol hau ikasteko, horretan trebatzeko modurik onena", gogorarazi zuten.
Ildo horretan, "ikusten ari gara zubietar gazte batzuk errebotean edo yoko garbian jolasten, zestoan. Pozgarria zaigu eta are gehiago, neskak eta mutilak direlako. Bideoan Miriam Arrillaga agertzen zen. Ez dadila emakumezko pilotari bakarra izan Zubietako taldean ariko dena. Etorkizun hurbilean seguru gehiago izango direla".