Zubietarako bi proposamen, Donostiako udal aurrekontu parte hartzaileen deialdian

Noaua Aldizkaria 2025ko urr. 21a, 09:58

Bolatokia berreskuratu nahiz frontoia estaltzeko proposamenen alde bozkatzeko aukera dute, Donostia aldean bizi diren zubietarrek.

Udal aurrekontu parte hartzaileak sustatzeko ahaleginean, Donostiako Udalak herritarrek eginiko proposamenak txertatu nahi ditu 2026ko eta 2027ko aurrekontu proiektuetan. Udaberrian abiarazitako prozesuaren baitan, “aurrekontu plangintzako ikuspuntu batetik herritarrek euren auzoaren eta Donostiaren beharrei buruz hausnartzeko aukera izango dute, eta arlo desberdinetan hiria nola hobetu proposatu ahal izango dute”. Herritarrek tarte bat izan dute proposamen horiek egiteko. Guztira, 978 ekarpen egin dituzte. Zabalik duten bozketa fasera, 123 igaro dira. Urriaren 26ra arte haietatik bost hautatzeko aukera izango dute. Horien artean, Zubietarako planteaturiko bi egitasmo daude.

Bolatokia berreskuratzea
Batetik, 2000. urtean kendutako Zubietako errebote plaza alboko belardiko garai bateko bolatokia berreskuratzea proposatu da. Duela 25 urte kendu zuten, “Zubietaren urbanizazio eta zabalkunde planaren ondorioz, eta berriro jartzeko kokapen jakin bat utzi zen helburu horrekin”. Mende laurdena igarota, “auzotarrek uste dute badela garaia lehen zegoen ekipamendu hura herriari itzultzeko. Kontuan izan behar da, gainera, zubietarren artean badirela bola jokalariak (eta, horien artean, egungo Gipuzkoako txapelduna)”. 300.000 euroko aurrekontua luke. Donostiako Udalaren arabera, “kohesio soziala eta tokiko tradizioak babestea sustatzen” ditu.

Frontoia estaltzea
Bigarrenik, Zubietako frontoia guztiz estaltzeko falta den zatian eskuhartzeko Zubieta Pilota Elkartaren proposamena legoke, “argia pasatzea ahalbidetuko duen material bat instalatuz, metakrilato gisa edo antzeko baten bidez. Helburua da barnealdean hautsa eta zikinkeria saihestea, baita haizearen eta, batzuetan, euriaren ondorioak murriztea ere”. 350.000 euroko aurrekontua luke. Donostiako Udalak bideragarritzat jotzen du ekarpen hau. Izan ere, hartara, “nabarmen erraztuko lirateke pilotalekuaren erabilera eta kontserbazioa, batez ere instalazioak garbitzeari eta mantentzeari dagokienez”. 

Horiek Zubietarako eginiko bi proposamenak. Urriaren 26ra eman ahalko dute botoa proposamen horien alde Donostian erroldatuak dauden 16 urtetik gorakoek, tartean, hiriburuko lurretan bizi diren Zubietako bizilagunek. Guztira bost ekarpenen aldeko botoa eman ahalko dute. Bi modu izango dira horretarako: telematikoki donostia.eus bidez edota presentzialki Donostiako Easo kalea 43ko eskuinaldeko lehen solairuan kokaturiko Herri Partaidetza zerbitzuaren bulegoan, 9:00-14:00 artean. Informazio gehiagorako: 943 481 356 / udala_partaidetza@donostia.eus