Usurbilgo Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza baten bisita izan dute aste hasiera honetan Zubieta Lanbide Eskolan; zehazkiago esanda, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietarena eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domínguezena.
Lanbide Eskolatik aditzera eman dutenez, "bisitan, gure instalazioak ezagutzeko aukera izan zuten, eta Jatetxe-arloko Zerbitzuen Zuzendaritzako Goi-mailako Teknikariaren gradua aurkeztu genien. Gainera, Eskolako Mugikortasun Diagnosiaren emaitzak partekatu genituen, ikasleen eta langileen joan-etorri ohiturak eta hobekuntza-proposamenak aztertzen dituen proiektuaren emaitzak azalduz".
Zubieta Lanbide Eskolatik eskertza helarazi diete bi erakundeotako ordezkariei agertutako "zuen konfiantzagatik eta gurekin egoteagatik". Izan ere, "hezkuntza eta garapen profesionala sustatzeko erakutsitako konpromisoa oso baliotsua da gure komunitatearentzat". Aurrera begira, "hezkuntza, prestakuntza eta enplegua elkarrekin lantzen jarraituko dugu, gure ikasleek benetako aukera profesionalak izan ditzaten".