"Auzitegiek indargabetu dute Foru Aldundiak GuraSOS itotzeko estrategia"

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 17a

GuraSOSek jakinarazi duenez, "Donostiako Lehen Auzitegiko 1. Epaitegiak aintzat hartu du GuraSOSek aurkeztutako “deklinatoria” eskaera, GHK-k GuraSOSen zuzendaritzako kideei zenbait kostu judizial ordaintzeko (8.420 €) bideratu nahi zien demanda dela eta".

"GuraSOSek ekintza judizialak burutu ditu erraustegiaren kudeaketan irregulartasun larriak salatuz. GHK-k, barne ikerketak hasi eta erantzukizunak argitu beharrean, elkarte salatzailea mehatxatu eta erasotzen du, eta baita bere kideak ere pertsonalki, eta herritarrek egindako kontrola desagertzea eta ezabatzea bilatzen du". Hortxe GuraSOSek gaur ezagutzera emandako ebazpen judizialaz eginiko balorazioa.

Kezka handia agertu du "euskal erakundeek ingurumen arloan duten noraez antidemokratikoagatik. Hasiera batean, artikulua Konstituzioaren aurkakotzat jotzea bultzatu zuten. Ingurumenari buruzko Euskal Legearen 3. artikuluak edozein herritarri bermatzen zion ingurumen arloko ekintza publikoa burutzea. Bigarren une batean, bere estrategia GuraSOSi erraustegiaren Ingurumen Baimena errekurritzeko legitimazio aktiboa ukatzetik pasa zen, eta estrategia hori orain desaktibatzera etorri da Auzitegi Konstituzionala joan den martxoaren 24ko epaiarekin".

Baliogabetzea
GuraSOSek helarazitako ohar bidez, Konstituzio Auzitegiaren epai hura ekarri dute gogora. "Erraustegiaren Ingurumen Baimenaren aurka helegitea jartzeko legitimazio aktiboa aitortuz, elkarteko Zuzendaritza Batzordeko hiru kideei dagozkien epaitegietan zitazioa egin zitzaien lehen aipatutako demanda helarazteko. Kostu horien zati bat, hain zuzen ere, Konstituzio Auzitegiak baliogabetutako prozedurari dagokio".

Horrez gain, "aldi berean, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza Auzitegi Gorenaren aurrean Auzitegi Konstituzionalaren epaia aplikatuz GuraSOSen aurkako 2105 euroko ordainketa-kondena bertan behera uztearen aurka agertu ziren".

Aipatu elkartetik nabarmendu dutenez, ordea, "Auzitegi Gorenak, 2025eko uztailaren 10eko Probidentziaren bidez, arrazoia eman dio GuraSOSi, eta indarrik gabe utzi du 2021eko azaroaren 11ko bere probidentzia. Horrek esan nahi du baliogabetu egin direla Aldundiak kontzeptu horrengatik erreklamatzen dituen kostu judizialak".

Errekerimenduko ekimenetako bat, bertan behera
Testuinguru honetan, GuraSOSek oroitarazi duenez, "erakundeek GuraSOSen aurkako itotze ekonomikoaren estrategia urrutitik dator, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta GHKren aldetik bereziki". Izan ere, "2023ko ekainaren 15ean partzuergo horretako zuzendariak, Cesar Gimenok, erraustegiaren jarduerarekin lotutako ingurumen delitua egotzita dagoenak, errekerimendu bat igorri zion GuraSOSI, hainbat ekintza judizial ohartaraziz".

Idatzi hark elkartearen esanetan, "GHK-ko asanbladaren erabakia helarazten zuen, “GuraSOS elkarteari ohartarazteko errekerimendu hau eta bere betebeharrak ez betetzeak elkarteari berari eta honen administratzaileei ekar liezazkiekeela konkurtso izaerako erantzukizunak, administratzaileen erantzukizuna dolozko, erruzko edo zabarkeriazko ekintzengatik, eta baita erantzukizun penalak ere, eta Partzuergoa gaituta geratuko litzatekeela exijitzeko akzio judizialak jartzeko”.

Errekerimenduarekin bidalitako txostenak hiru ekintza jasotzen ditu, elkartetik zehaztu dutenez. "Lehena zorraren ordainketaren erantzukizuna pertsonalki Zuzendaritza Batzordeko kideen aurka deribatzeko demanda zibila, Euskadiko Elkarteei buruzko 7/2007 Legearen 18. artikuluan oinarrituz.
Bigarrena da merkataritza-arloko epaitegian eskatzea elkartea hartzekodunen konkurtsoa deklaratzeko, desegiteko eta likidatzeko, Euskadiko Elkarteei buruzko Legearen 33. artikuluan oinarrituta. Artikulu hori Legearen IX. kapituluan dago, “Desegiteari eta Likidazioari” buruzkoa. Planteatzen duen hirugarren ekintza izaera penalekoa da, zigor Kodearen 258. artikulua, Partzuergoari ondasunak ezkutatzeagatik".

Aste hasiera honetan ezagutzera emandako ebazpen judizialak GuraSOSetik azaldu dutenez, "bertan behera utzi du lehen ekimena; Zuzendaritza Batzordeko kideen aurka presioaren bidez elkartea deseginarazteko eta ez-operatibo bihurtzeko".