Miriam Arrillaga Beloki, Urrezko Danborra jasotzeko 98 hautagaien artean zegoen

Noaua Aldizkaria 2025eko azaroaren 24a

2026ko urtarrilaren 20ko San Sebastian Egunez banatuko duten Urrezko Danborra jasotzeko 98 hautagaien artean egon da Miriam Arrillaga Beloki pilotaria.

Donostiarren urteko egun handienean, urtarrilaren 20ko danbor festaren baitan, bertako Udalak Urrezko Danborra ematen dio pertsona edo elkarte bati hiriburua promozionatu izanagatik edota bere meritu profesionalengatik. 2026koa banatzeko hautaketa prozesu betean dira dagoeneko. Urriaren 27tik azaroaren 9ra proposamenak egiteko aukera izan zuten hiriburuan erroldaturikoek; tartean, eremu horretan den Zubietaren zatiak.

Azaroaren 10etik 19ra bitarte, ekarpenok aztertzen jardun dute. "Hautagaitza bakoitzak berdintasuna eta giza eskubideak errespetatzen dituela kontuan hartuko da, eta dagokion arloari begira dituen merezimenduak" aztertzekoak zituzten.

Hiru finalera
Donostiako Udaletik aditzera eman dutenez, guztira 380 pertsonek parte hartu dute hautaketa prozesuan. Aurkeztutako hautagaitzetatik 240 taldekatu dituzte, 42 baztertu eta azkenerako, 98 hautagaieko zerrenda geratu da. Zerrenda horri erreparatuta ikusi ahal izan dugu, batetik, amaitzear dugun urte honetara arte Kalezarko Esther Arrojeria jokalaria eta Jon Begiristain entrenatzailea kide dituen Bera Bera eskubaloi taldea dagoela 2026ko Urrezko Danborra jasotzeko hautagaien artean, baita Miriam Arrillaga Beloki pilotaria ere.

Astelehen honetan, 98tik 56ra murriztu du hautagaitza kopurua  Donostiako Udalak. Arrillagaren hautagaitza ez da azkenaurreko aukeraketa fasera igaro. Finkatua duen "prozeduraren arabera, Bozeramaileen Batzordeak gehienez hiru hautagai aukeratuko ditu baldintzak betetzen dituzten hautagaien zerrendatik". Astearte honetan, azaroaren 25ean hartuko dute erabaki hori. Hortik aurrera, hautatutako hirurei "saria onartu nahi duten galdetuko zaie".

Urrezko Danborra nori eman, azken hitza Donostiako udalbatzak edo herritarrek izan dezakete, egoeraren arabera. "Hautagai batek Bozeramaileen Batzordearen gehiengo berezia lortuko balu, hau da udalbatzaren ordezkaritza ponderatuaren bi herenak, Urrezko Danborra zuzenean eman ahal izango da. Gehiengo hori lortuko ez balitz, Urrezko Danborraren aukeraketa herritarrek egingo lukete botu bidez".


Askotariko hautagaitzak
2026ko Urrezko Danborra jasotzeko astelehen honetan Donostiako Udalak osaturiko 56 hautagaien zerrendan dira bertako nahiz urrunagoko hainbat eragile zein norbanako kirolari, kazetari, sortzaile, aditu, sukaldari, enpresari... Zerrenda osoa hemen kontsulta dezakezue: donostia.eus