Zubietako erraustegia

Lan-hitzarmen duina exijitzeko mobilizazioei ekingo diete ostegunean erraustegiko langileek

Noaua Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 13a

Zubietako erraustegiko langileek mobilizazioei ekingo diete ostegunean, urtarrilaren 15ean, lan-hitzarmen duina exijitzeko.

"Lan-baldintza eskasak aitortuko eta hobetuko dituen enpresa hitzarmena" exijitzea xede izango dute Zubietako erraustegiko langileek ostegunetik, urtarrilaren 15etik aurrera hasiko dituzten mobilizazioen bidez. LAB sindikatuak jakitera eman duenez, protesta zikloan barneratzera doaz aipatu plantako langileak etzitik aurrera, "erraustegian lan-baldintza duinak orain! Urbaser errudun, Gipuzkoako Aldundia arduradun" aldarripean.

Hilaren 15erako deitu dute hain zuzen, lehen elkarretaratzea, eguerdiko 13:00ean erraustegiaren sarreran bertan. "Urtebete luzez EKOBAL enpresarekin negoziatzen aritu dira langileak, Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmenak jasotzen ez dituen erraustegiko langileen lan-baldintza bereziak eta zehatzak arautzeko, baina, azkenean, hasierako egoerara itzuli dira langileak, jasan behar dituzten lan-baldintza penagarriak aitortzeko borondate ezagatik", salatu du LAB sindikatuak.

Borondate falta hori Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari (GHK) eta Ekondakin enpresari egotzi dio aipatu sindikatuak. "Gipuzkoako Foru Aldundia da arduradun nagusia", gaineratu du LAB-ek.

"Arautu gabeko txandatasun, arriskugarritasun eta toxikotasun handia"
Zubietako erraustegian lanean dihardutenen lan-baldintza prekarioak ezagutarazi ditu sindikatuak. "Erraustegiko langileek sektoreko hitzarmenean arautu gabeko txandatasun, arriskugarritasun eta toxikotasun handia daukan ingurune batean lan egiten dute, eta babestu eta ordaindu gabeko baldintzak dituzte. Enpresak hamabi ordura arteko lanaldi jarraituak egitera behartzen ditu jada osasunerako kaltegarria den 24/7 txanda sistemako langileak, aurreko edo hurrengo txandako langileak lanera ezin badira joan. Hori gutxi balitz, mantentze lanetako langileak asteburuetan erreten-zerbitzua egitera ere behartzen ditu enpresak, arautu eta ordaindu gabeko zerbitzu eta prestasuna ezarriz".

Horregatik, aipatu sindikatuaren esanetan, erraustegiko langileek haiei "eskatzen zaien txandakotasuna eta etengabeko prestasuna aintzat hartuko eta arautuko dituen enpresa-hitzarmen bat aldarrikatzen dute" eta hitzarmen horrek "egunero jasaten duten benetazko arriskugarritasuna eta toxikotasuna ere" jasotzea.

Testuinguru horretan, LAB sindikatuak honako galderok plazaratu ditu. "Ekobal, GHK eta Ekondakin jakitun al dira arautu gabeko hainbeste lanordu metatu egiteak langileen osasunean daukan eraginaz? Gipuzkoako Foru Aldundiak ezagutzen al ditu erraustegiko langileen baldintzak? Zer esan behar du egoeraren azken arduradun eta onuradun gisa?"