Urte luzez noiz ireki asmo zuten iragarri eta atzeratzen joan ostean, oraingoan badirudi Zubietako espetxea irekitzear egon daitezkeela. Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak asteazken honetan, otsailaren 11n iragarri duenez, maiatzean edota beranduenez jota ekainean ireki asmo dute Gipuzkoa mailako kartzela berria. Hala aurreikusi dute, gaur, Donostiako Txomin Enea auzoko Arteleku plazan eginiko ekitaldian. Hitzorduak Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxaso, Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Jose eta Etxebizitza eta Hiri Agendako estatu-idazkari David Lucas elkartu ditu.
Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Josek funtsezkotzat hartu du mugarri hori “euskal espetxe-eredua finkatzeko eta eredu horren inplementazioan aurrera egiteko. Eredu hori erakusten ari da Konstituzioa modu humanoagoan eta eraginkorragoan bete daitekeela: zigortzen duten zehapenekin, bai, baina, batez ere, pertsonak gizartean berriz bizitzeko prestatzen dituzten zehapenekin”.
Beranduenez jota, udaberri amaierako irekierara garaiz heltzeko egin beharreko bideari buruz gaineratu duenez, "eraikuntzaz arduratu den SIEPSE sozietate publikoak Espainiako Gobernuko Ondare Zuzendaritza Nagusiari transferituko dio higiezina datozen egunetan, eta transferentzia hori Eusko Jaurlaritzak higiezina jasotzeko transferentzia-batzorde misto baterako deialdia egin aurreko urratsa izango da".
Hortik aurrera, "bi hilabete beharko dira egokitze-obra txikiren bat egiteko eta abian jartzeko beharrezkoak diren sistema eta instalazio guztiak puntuan jartzeko, espetxea maiatzetik ekainera bitartean ireki ahal izan dadin".
Espetxetik hurbil martxan den erraustegiarekin ere nolabaiteko lotura izango du kartzela berriak. Eusko Jaurlaritzatik aditzera eman dutenez, "Gipuzkoako Foru Aldundiak instalatuko duen District Heating sistema aprobetxatzeko proiektuaren lizitazioa hasiko da. Sistema hori hondakinak errebalorizatzeko Zubietako instalazioko hondar-beroa espetxeko klimatizazio-sistemetarako erabiltzean datza. Prozesu hori udaberrian has liteke".
Martuteneko espetxearen eraistea
Zubietako kartzelak Martutenekoa ordezkatuko du etorkizun hurbilean. Donostiako azpiegitura hori eraisteko proiektuaren enkargua abiarazi duela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, "baita ondoren 400 etxebizitza babestu eraikitzea ahalbidetuko duen bizitegi-eremuaren garapena ere". Martuteneko espetxea itxi eta eremu hori hutsik ahalik eta denbora tarte laburrenean izatea da helburua. "Martuteneko espetxea eraisteko proiektua Visesak idatziko du —idazteko kontratua martxoan esleitzea espero du—, eta eragiketa egiteaz arduratuko den Estatuko Casa47 erakundeari emango zaio irailean. Eraispenaren aurrekontua 4 milioi euro ingurukoa izango da", jakinarazi du Itxaso sailburuak.
Ildo horretan, "erakundeak lanean ari dira Donostiako Udalaren, Visesaren eta Casa47 erakundearen artean hainbat hitzarmen (gaur egun prestatzen ari direnak) sinatu daitezen. Akordio horiei jarraikiz, eta betiere Donostiako Udalak bere jabetzako partzelak Visesari lagatzeko hartutako konpromiso publikoarekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzak eta Gobernu zentralak elkarren arteko adostasunez hartuko dituzte beren gain urbanizazio-kargak, baita araubide orokorreko babes ofizialeko 400 etxebizitza eta zuzkidura-bizitokiak eraikitzea aurreikusten duen bizitegi-proiektuaren sustapena ere".