Lanuzte gehiago iragarri dituzte erraustegiko langileek

Noaua Aldizkaria 2026ko otsailaren 13a

Zubietako erraustegiko langileek urtarrilean hasitako mobilizazio aldiari segida ematea erabaki dute. Lan-baldintza duinak exijitzeko lanuzteak iragarri dituzte martxorako eta ez dute baztertzen apirilean greba egiteko aukera.

Lan-baldintza prekarioak salatu eta lan-hitzarmen duina exijitzeko elkarretaratzea egin zuten Zubietako erraustegiko langileek lantegi atarian urtarrilaren 15ean. Urteko lehenengo mobilizazioa izan zen, baina ez azkena. Izan ere, lanuzte gehiago iragarri dituzte martxorako. Gainera, lan-gatazka ez bada konponbide adostu batera heltzen, ez dute baztertzen greba egitea apirilean.

Gogoan izan, "gure prekarietatea zuen ardura" dela gogorarazi zieten Zubietako erraustegiko langileek aipatu hondakinen tratamendu plantaren kudeatzaileei. Urtarrilaren 15ean, elkarretaratzea egin zuten Eskuzaitzetako lantegiaren sarreran, "erraustegian lan-baldintza duinak orain! Urbaser errudun, Gipuzkoako Aldundia arduradun" aldarripean. Pankarten bidez argi adierazi moduan, bizi duten egoeraren atzean, "GHK eta Ekondakinen borondate falta dago eta Gipuzkoako Foru Aldundia da arduradun nagusia".

Izan ere, "urtebete luzez EKOBAL enpresarekin negoziatzen aritu gara langileak, Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmenak jasotzen ez dituen erraustegiko langileen lan-baldintza bereziak eta zehatzak arautzeko, baina, azkenean, hasierako egoerara itzuli gara langileak, jasan behar ditugun lan-baldintza penagarriak aitortzeko borondate ezagatik", salatu zuen langileen batzordeak.

"Jakin badakigu azken arduraduna Gipuzkoako Foru Aldundia dela"
Horren harira, mobilizazio aldiari ekitea erabaki zuten, bizi dituzten lan-baldintza prekarioak salatu eta baldintza horien hobekuntza jasoko duen hitzarmena adosteko. Egunotan, agerraldi bidez, protesta ekintzei segida emango dietela berri eman dute. Borroka aldi honetan, EKOBAL enpresa jotzen badute bizi duten egoeraren erantzule gisa, "jakin badakigu azken arduraduna Gipuzkoako Foru Aldundia dela, beraz GHK eta EKONDAKIN erakundeei ere luzatzen dizkiegu gure aldarrikapenak".

LAB sindikatutik aditzera eman dutenez, "6 urte pasa dira Zubietako erraustegiko CMG1 planta martxan jarri zenetik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak EKOBAL enpresari kudeaketa esleitu zionetik. Orduz geroztik, enpresako langileen batzorde ezberdinek Gipuzkoako Kale Garbiketako hitzarmenak jasotzen ez dituen lan baldintza bereziak eta zehatzak arautu eta gure osasuna babestuko dituen enpresa hitzarmena negozitzeko saiakerak behin eta berriz egin izan ditugu baina tamalez, enpresaren ezezkoa eta mespretxua besterik ez dugu jaso".

Urtarrileko mobilizazioan salatu moduan, "erraustegiko langileok arautu gabeko txandakotasun, arrisku eta toxikotasun handia daukan ingurune batean lan egiten dugu eta babestu eta ordaindu gabeko baldintzak ditugu. Enpresak 12 ordura arteko lanaldi jarraituak egitera behartzen gaitu jada gure osasunerako kaltegarria den 24/7 txanda sistemako langileoi, aurreko edo hurrengo txandako lankideak lanera ezin badira etorri, Non Stop zerbitzua bermatuz langileen osasunaren kontura. Bestalde, mantentze lanetako langileoi asteburuetan erreten-zerbitzua egitera ere behartzen gaitu enpresak, arautu eta ordaindu gabeko zerbitzu eta prestasuna ezarriz. Hori gutxi balitz, EKOBAL enpresak zaborrarekin zuzenean lan egiten dugun langileoi egunero jasaten dugun benetako arrisku biologikoa ez digu ez aitortzen ezta saritzen ere".

Aurrerapausorik ezean, apirilean grebara
Horregatik guztiagatik lan-baldintza duinak izateko borrokan segi asmo dute erraustegiko langileek. "Jakin berri dugu enpresak hurrengo bilera baterako gonbidapena egin digula eta eskertzen eta onartzen dugula. Hala eta guztiz ere, gure borroka areagotzeko asmoaren berri ere eman nahi dugu: martxoan ostegunero lanuzteak egiteko prest gaude eta ez baldin badugu enpresaren aurrerapausorik ikusten apirilean greba deialdia egitera behartuak egongo gara".