Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen sustapen batzordeak Gipuzkoako 3. Herriarteko Txapelketa antolatu du. 2026ko Herriarteko Txapelketa lau fasetan banatuko da: lehen fasea, bigarren fasea, finalaurrekoak eta finala. 100 saiotik gora egingo dira guztira, 200 bertsolari inguru ariko dira kantuan, 57 taldeetan. 350 lagun mugiaraziko ditu ekimenak.
Eskualde barruko nahiz eskualdeen arteko taldekako lehia izango da. Lehiatuko den eskualdeen artean da, Usurbil barne hartzen duen Buruntzaldea. "Saioen antolakuntza eta konbinaketa egiteko garaian antolakuntzak hurbiltasuna lehenetsi du, tokiko edo eskualdeko giroa indartzeko. Hala, lehen fasean saioak eskualde bereko taldeen artean jokatuko dira. Eskualde bakoitzeko irabazle bat aterako da hortik eta bigarren fasean, elkarren ondoko eskualdeen artean izango dira saioak. Ondoren finalerdiak eta finala etorriko dira", antolakuntzak jakinarazia duenez.
Bailaraka
Bailaraka antolatu da txapelketa. "Zortzi bailara osatu dira Gipuzkoan, eta gu Buruntzaldean arituko gara", Asier Azpirozek aditzera eman digunez. "Zazpi talde gaude Buruntzaldean, eta zazpi taldeen artean hiru saio jokatuko dira". Saio bakoitzeko irabazlea Buruntzaldeko finalera pasako da.
Zubietak ostiral honetan, otsailaren 27an egingo du debuta, 20:30etan hasita Yoko-Garbi elkartean antolaturiko bertso-afarian, Lasarteren aurka. "Irabaziz gero, Buruntzaldeko finalera sailkatuko ginateke", Azpirotzek esan digunez.
Herrikide gehiago
Zubietako taldeaz gain, Harri Agirrerasarobe kalezartarra ere kantari arituko da herriartekoan, "baina Añorgako taldean", antolatzaileek aditzera eman digutenez. Bestalde, sortzez Urretxukoa izan baina Usurbilen bizi den Uxue Fernandez bere sorterriko taldean ari da parte hartzen herriartekoan. Berriki Ordizian jokaturiko saioan nagusitu eta martxoaren 7an Lazkaon jokatuko den Goierriko finalerako sailkatu da.
Gipuzkoako 3. Herriarteko Txapelketa
Urtarrilak 18-martxoak 28: 1.fasea, eskualdeka
Donostia+Oarso-Bidasoa
Urola
Urola Kosta
Debabarrena
Debagoiena
Goierri
Tolosaldea
Buruntzaldea
Apirilak 16-25: 2. fasea, azpi eskualdeka
Aurreko faseko eskualde bakoitzeko talde irabazlea sailkatuko da fase honetarako:
Apirilak 16: Tolosaldea-Goierri.
Apirilak 18: Urola-Urola Kosta.
Apiriak 23: Buruntzaldea-Donostia/Oarso.
Apirilak 25: Debabarrena-Debagoiena.
Maiatzak 9-16: finalaurrekoak
Bigarren fasean nagusitutako lau talde sailkatuko dira finalaurrekoetarako:
Maiatzak 9: 1. eta 4. saioko irabazleak.
Maiatzak 16: 2. eta 3. saioko irabazleak.
Maiatzak 30: finala
Aiako probalekuan, bertso-bazkari erraldoi baten bueltan.
Azken faseetarako txartelak, martxotik aurrera salgai bertsosarrerak.eus atarian.
Informazio gehiago eta txapelketaren jarraipena:
bertsozale.eus