Zergatik berreskuratu da Gipuzkoako Herriarteko bertso txapelketa?
Nik ez dakit zergatik berreskuratu den berriro, baina badakit lehenago egiten zela eta indar handia zuela. Berriz antolatu duten honetan, animatu egin gara.
Lehen txanpa eskualdeka antolatuta dago, ezta?
Bai, gu Buruntzaldea eskualdearen barruan gaude. Eskualde bakoitzean kanporaketak
egingo dira, eta gero piramidea osatzen joango da finalera iritsi arte. Oker ez banago, sei talde
gaude guztira.
Txapelketa hasi da baina zuek ostiral honetan duzue lehen saioa,Lasarteko taldearen aurka.
Hori da. Zubietako Yoko-Garbi elkartean da zita, bizilagun diren Lasarteren aurka. Ea zer gertatzen den.
Zenbat partaide zaudete Zubietako taldean?
Oker ez banago bost partaide behar dira taldea osatzeko: hiru bertsolari, epaimahaikide bat eta gai jartzaile bat. Eta halaxe gara.
Nortzuk osatzen duzue Zubietako taldea? Aurkeztu itzazu zure taldekideak.
Gai-jartzailea Maialen Iñarra izango da, epailea Ane Aranburu eta bertsolariak Asier Azpiroz, Aitor Larreta "Vaquilla" eta ni.
Aipatu duzu Buruntzaldean parte hartuko duzuela, baina Zubieta Donostia eta Usurbil artean da. Donostialdean parte hartzeko aukera aztertu al duzue?
Hori ez da planteatu ere egin. Hemen (Zubietan) bizi denarentzako planteamendu hori ez da horrela, eta ez dauka zentzurik planteamendu horrek. Gure mendiak eta errekak eskualde honetan daude.
Nola egituratzen da txapelketa?
Zortzi eskualdek parte hartzen dute, eta eskualde bakoitzak aukeratzen du nola egin txapelketaren lehen fase hori. Saio gehiago edo gutxiago izan daitezke antolatzen duenaren arabera. Horren ondoren, eskualde bakoitzeko irabazleak edukiko genituzke. Zortzi talde izango lirateke, eta hortik aurrera, final-laurdenak, finalerdiak eta finala. Finala Aian izango da, maiatzaren 30an.
Zer edo zer berezia prestatu duzue ostiral honetan Zubietan antolatutako saiorako?
Parte hartze hutsarekin pozik gaude. Gure helburuetako bat herrian zita berri bat sortzea da. Normalean horrelako herrietan herriko festak izaten dira bilgune, baina hortik aurrera kosta egiten da biltzea. Herriari bizipoz pixka bat ematearren antolatu dugu saioa, lasartearren kontra gainera. Lehendabiziko helburua horixe izango litzateke.
Helburutzat jotzen duzue Aiako finalera iristea?
Ni lehen saioa eginda pozik nago. Aiara joatea polita izango litzateke, baina egia esan, ez zait burutik pasa.