Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako eskualdeko finalerako sailkatu da Zubieta bart, Yoko-Garbi elkartean jokatutako saioan. Lasarteko taldekoekin lehiatu dira Unai Azpiroz Iztueta, Asier Azpiroz Iztueta eta Aitor Larreta Arruti. Lasarteko taldeko kideak honako hauek izan ziren: Araitz Ramos Irazusta, Maddi Lasa Ormazabal, Leire Ormazabal Zugarramurgi eta Kattalin Lizarraga Mendia.
Hamar ariketa egin behar izan zituzten eta aipatu moduan, amaieran, erabakita geratu da Zubieta izango dela lehiaketa honetan aurrera joko duena. Hala erabaki zuten epaile lanetan jardundako Zubietako Ane Aranburu Leivak, Lasarteko taldeko Lierni Rekondok eta Astigarragako taldeko Olaia Letek. Martxoaren 14an izango dute hurrengo hitzordua, Buruntzaldea mailako finala hain zuzen; Urnietako Xoxokako elkartean egingo da. Lehiakide izango dituzte Zubietakoek hitzordu horretara sailkaturiko beste bi talde; biak ala biak, Hernanikoak.
Izan ere, bart Yoko-Garbi elkarteko saioa aurkezteaz eta bertsolariei gaiak jartzeaz arduraturiko Maialen Iñarra Arregik eta Xuban Urdalleta Azpioleak azaldu moduan, 57 talde dira Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa honetako hirugarren ediziorako izena emana dutenak. Haietatik zazpi Buruntzaldekoak dira.
Urtarrilaren 25az geroztik jokoan izan da eskualde barruko lehia. Bertan, lehiakide izan dira Zubietakoekin batera, Astigarragako, Andoaingo eta Hernaniko taldeak. Hiru saio jokatu dira guztira, haietatik bitan Hernaniko talde bana sailkatu da eskualde mailako finalerako eta hirugarren eta azken saioan, bart Yoko-Garbi elkartean egindakoan Zubieta. Giro ederra izan zuten, elkartea goraino bete zen, Zubietako Jai Batzordeko gazteek sukaldatu eta zerbitzaturiko afarian.
Buruntzaldeako martxoaren 14ko finalean nagusituriko taldea, gainerako eskualdeetako irabazleekin batera lehiatuko da. Maiatzaren 30ean Aian argituko da nor den hirugarren edizio honetako irabazlea.
Herrikide gehiago
Zubietako taldeaz gain, gogoan izan, Harri Agirrerasarobe kalezartarra ere kantari arituko da herriartekoan, "baina Añorgako taldean", antolatzaileek aditzera eman digutenez. Bestalde, sortzez Urretxukoa izan baina Usurbilen bizi den Uxue Fernandez bere sorterriko taldean ari da parte hartzen herriartekoan. Berriki Ordizian jokaturiko saioan nagusitu eta martxoaren 7an Lazkaon jokatuko den Goierriko finalerako sailkatu da.
Gipuzkoako 3. Herriarteko Txapelketa
Urtarrilak 18-martxoak 28: 1.fasea, eskualdeka
Donostia+Oarso-Bidasoa
Urola
Urola Kosta
Debabarrena
Debagoiena
Goierri
Tolosaldea
Buruntzaldea
Apirilak 16-25: 2. fasea, azpi eskualdeka
Aurreko faseko eskualde bakoitzeko talde irabazlea sailkatuko da fase honetarako:
Apirilak 16: Tolosaldea-Goierri.
Apirilak 18: Urola-Urola Kosta.
Apiriak 23: Buruntzaldea-Donostia/Oarso.
Apirilak 25: Debabarrena-Debagoiena.
Maiatzak 9-16: finalaurrekoak
Bigarren fasean nagusitutako lau talde sailkatuko dira finalaurrekoetarako:
Maiatzak 9: 1. eta 4. saioko irabazleak.
Maiatzak 16: 2. eta 3. saioko irabazleak.
Maiatzak 30: finala
Aiako probalekuan, bertso-bazkari erraldoi baten bueltan.
Azken faseetarako txartelak, martxotik aurrera salgai bertsosarrerak.eus atarian.
Informazio gehiago eta txapelketaren jarraipena:
bertsozale.eus
