Ozen aldarrikatu dute beste behin, oraindik ez direla bermatu, urte hasieratik mobilizazio bidez exijitzen ari diren lan-baldintza duinak. Zubietako erraustegiko langileak ostegun honetan ere, martxoaren 12an, lantoki paretik irten dira, oraingo honetan, Bugatiko gasolindegiraino eginiko manifestazioan. Mobilizazioaren buru zihoazen langileek zeramaten pankartak mezu argia zeraman; "Ekobal, lan-baldintza duinak Zubietako erraustegian".
Arratsaldeko 13:00ak pasatxoan abiaturiko mobilizazio ibiltarian, beste behin, langileok bizi duten egoeraren erruduntzat jo dute Ekobal, erraustegia kudeatzen duen enpresa eta Gipuzkoako Foru Aldundia nahiz jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensio erantzuletzat. "Gure osasuna bermatu!", oihukatu dute sarritan manifestazioan zehar, lan-baldintza duinak behin eta berriz galdegitearekin batera. Benetako toxikotasuna ez dietela aitortzen salatu dute.
Herenegun, hilaren 10ean bildu ziren, aurreikusia zuten moduan, lantegiko zuzendaritzarekin, baina ez zuten akordiorik erdietsi. Honenbestez, mobilizatzen segitzea erabaki dute. Gaurkoan, indar gehiagoz eta haserreago egin dute, gainera. Izan ere, mobilizazioan zehar, protesta ekintzak egiten segitzeko asmoaren aurrean, mehatxuak jasan dituztela salatu dute, Bugatiko gasolindegi ondoan egindako geldiunean salatu duten bezalaxe. "Ekobaleko langileak borrokan lan-baldintza duinen alde borrokan. Aski dira mehatxuak eta negoziazio faltsuak!", adierazi dute.
Halere, lan-baldintza duinen alde borrokan segitzeko asmo irmoa dute. Hilaren 24an biltzekoak dira berriz enpresako zuzendaritzarekin. Adostasunera helduko ez balira, hilaren 26an protesta eguna izango dute berriz erraustegiko langileek.
"Gure prekarietatea zuen ardura"
Gogoan izan, lan-baldintza prekarioak salatu eta lan-hitzarmen duina exijitzeko elkarretaratzea egin zuten Zubietako erraustegiko langileek lantegi atarian urtarrilaren 15ean. "Gure prekarietatea zuen ardura" dela gogorarazi zieten Zubietako erraustegiko langileek aipatu hondakinen tratamendu plantaren kudeatzaileei. Urtarrilaren 15ean, elkarretaratzea egin zuten Eskuzaitzetako lantegiaren sarreran, "erraustegian lan-baldintza duinak orain! Urbaser errudun, Gipuzkoako Aldundia arduradun" aldarripean. Pankarten bidez argi adierazi moduan, bizi duten egoeraren atzean, "GHK eta Ekondakinen borondate falta dago eta Gipuzkoako Foru Aldundia da arduradun nagusia".
Izan ere, "urtebete luzez EKOBAL enpresarekin negoziatzen aritu gara langileak, Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmenak jasotzen ez dituen erraustegiko langileen lan-baldintza bereziak eta zehatzak arautzeko, baina, azkenean, hasierako egoerara itzuli gara langileak, jasan behar ditugun lan-baldintza penagarriak aitortzeko borondate ezagatik", salatu zuen langileen batzordeak.
"Jakin badakigu azken arduraduna Gipuzkoako Foru Aldundia dela"
Horren harira, mobilizazio aldiari ekitea erabaki zuten, bizi dituzten lan-baldintza prekarioak salatu eta baldintza horien hobekuntza jasoko duen hitzarmena adosteko. Otsailean, agerraldi bidez, protesta ekintzei segida emango zietela berri eman zuten. Borroka aldi honetan, EKOBAL enpresa jotzen badute bizi duten egoeraren erantzule gisa, "jakin badakigu azken arduraduna Gipuzkoako Foru Aldundia dela, beraz GHK eta EKONDAKIN erakundeei ere luzatzen dizkiegu gure aldarrikapenak".
Langileen batzordetik aditzera eman zutenez, "6 urte pasa dira Zubietako erraustegiko CMG1 planta martxan jarri zenetik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak EKOBAL enpresari kudeaketa esleitu zionetik. Orduz geroztik, enpresako langileen batzorde ezberdinek Gipuzkoako Kale Garbiketako hitzarmenak jasotzen ez dituen lan baldintza bereziak eta zehatzak arautu eta gure osasuna babestuko dituen enpresa hitzarmena negozitzeko saiakerak behin eta berriz egin izan ditugu baina tamalez, enpresaren ezezkoa eta mespretxua besterik ez dugu jaso".
Urtarrileko mobilizazioan salatu moduan, "erraustegiko langileok arautu gabeko txandakotasun, arrisku eta toxikotasun handia daukan ingurune batean lan egiten dugu eta babestu eta ordaindu gabeko baldintzak ditugu. Enpresak 12 ordura arteko lanaldi jarraituak egitera behartzen gaitu jada gure osasunerako kaltegarria den 24/7 txanda sistemako langileoi, aurreko edo hurrengo txandako lankideak lanera ezin badira etorri, Non Stop zerbitzua bermatuz langileen osasunaren kontura. Bestalde, mantentze lanetako langileoi asteburuetan erreten-zerbitzua egitera ere behartzen gaitu enpresak, arautu eta ordaindu gabeko zerbitzu eta prestasuna ezarriz. Hori gutxi balitz, EKOBAL enpresak zaborrarekin zuzenean lan egiten dugun langileoi egunero jasaten dugun benetako arrisku biologikoa ez digu ez aitortzen ezta saritzen ere".
Horregatik guztiagatik lan-baldintza duinak izateko borrokan segi asmo dute erraustegiko langileek. Martxoko protestekin auzia konpontzen ez bada, "ez baldin badugu enpresaren aurrerapausorik ikusten apirilean greba deialdia egitera behartuak egongo gara", aurreikusia dutenez.