Larunbat euritsuari dantza giro ezinhobean aurre egin diote Zubietan. Izan ere, Zumarte Musika Eskolak antolaturiko 22. Soinurbil Musika Asteko hitzorduetako bat bertan egin dute. Azken urteon ildotik, herri erdigunetik Usurbilgo auzo eta herrietara hedatu nahi izan dute ziklo hau antolatzaileek.
Eskenatokiotako bat Zubieta izan du edizio honek. "Gora Musika Dantzan!" izeneko emanaldia programatua zuten bertan. Ene Kantak taldearekin ezagun egun eta orain talde berri batekin ari dira herriz herri Urko Oskoz eta Oiane Yarza. Biek girotu dute asteburu honetako Zubietako larunbat goiza.
"Sorgin bat, Tartalo eta Basajaun geratuak dira Marirekin jolasteko. Bidean, euren gorputz eta arropekin barre egiten duten hainbat pertsonaia ezagutuko dituzte eta ondorioz, beraien itxurak zalantzan jartzen dituzte. Hortaz, kritikak jasotzen dituzten heinean, magiaren bitartez haien gorputza aldatzen dute, gaur egungo kanonetan oinarrituz. Ostean, guztiz aldatuta iristen dira Mari ezagutzera. Berak ez ditu ezagutzen, haserretu egiten da eta haiekin jolastu nahi ez. Berraztertzen dute egoera eta magiaren bidez, lehen zeuden modura itzultzen dira. Orain, Mari pozik dago bere lagunak ezagutzen dituelako eta elkarrekin dantzatzen dute".
Hortxe zen emanaldiaren abiapuntua.