Aldaketarik ez, izatekotan atzerapausorik ere izan dela salatu dute, urte hasieran mobilizatzen hasi zirenetik konponbide eske ari diren Zubietako erraustegiko langileek. Beste behin, bi orduko lanuztea egin dute ostegun honetan, martxoaren 26an. Urbaser, Ekondakin, GHK eta Aldundiari zuzenduriko "konponbidea orain" aldarripean, manifestazioan irten dira lantoki ataritik hara igotzeko sarbidea den Bugatiko gasolindegi ondoko biribilgunerantz. Aurrekoan egin bezalaxe, itzulia eman diote ibilbide horri eta abiapuntuan amaitu dute manifestazioa, lantoki atarian.
Bidean, bizi duten lan egoeraren islada argia diren hilabeteotako aldarriak oihukatu dituzte beste behin, 13:00ean abiaturiko mobilizazio ibiltarian. Langileok bizi duten egoeraren erruduntzat jo dute Ekobal, erraustegia kudeatzen duen enpresa eta Gipuzkoako Foru Aldundia nahiz jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensio erantzuletzat. "Gure osasuna bermatu!", oihukatu dute sarritan manifestazioan zehar, lan-baldintza duinak behin eta berriz galdegitearekin batera. Benetako toxikotasuna ez dietela aitortzen salatu dute gaurkoan ere.
Atzerapausoa
Martxoaren 12an irten ziren azkenekoz eta ordutik ez zaie askorik aldatu lan egoera. Hilaren 24an zuten bilera enpresako zuzendaritzarekin. "Eskaintza bat jaso dugu, aurrekoarekin alderatuta" atzerapausotzat jo dutena. Bileran hitz egindakoa biharamunean idatziz jasotzea eskatu zioten enpresari langileen batzordetik adierazi digutenez, baina "guk jasotakoa guztiz aldatua izan da, mahaian hitz egindakorekin alderatuta". Horrekin batera, enpresatik bileran adierazi zieten, "arazo ekonomikoak zituztela".
Horren harira, langileok azaldu digutenez, ordea, "GHK Ekondakin UTEa kontratatua du eta Ekondakinek azpzikontrata baten bidez Ekobal du kontratatua. Ekondakinen eta Ekobalen Urbaser enpresa pribatua dago eta esaten digutena da Ekobalek milioi euroko galerak dituela, baina ez digutena esaten da, Ekondakinek irabaziak dituela. Orduan, batetik galtzen dutena bestetik irabazten dute".
Horrez gain, beste behin "mehatxuak" salatu dituzte enpresaren aldetik, "legez kanpoko greba" egiten ari direla esaten ari zaizkiela diote, langileen batzordetik adierazi dutenez, langileen %60a babesten ari denean lanuzteok. "Gainera, saiatu dira bultzatzen gutxieneko zerbitzuak gure aldetik ezartzea nahiz eta Eusko Jaurlaritzak ez ezarri. Hori da enpresaren jokaera eta horren aurrean, hemen gaude, kalean".
Eta iragarri dutenez, egoera aldatzen ez den artean hala segi asmo dute. Datozen jaiegunon ondotik, apirilaren bigarren hamabostaldian hiru orduko beste bi lanuzte egin asmo dituzte, baina lekuz aldatuta. Donostiara jo asmo dute Foru Aldundira. "Badirudi ez dutela haien burua ikusten arduradun bezala eta ulertzen dugu Aldundia dela honen guztiaren arduraduna".
"Gure prekarietatea, zuen ardura"
Gogoan izan, lan-baldintza prekarioak salatu eta lan-hitzarmen duina exijitzeko elkarretaratzea egin zuten Zubietako erraustegiko langileek lantegi atarian urtarrilaren 15ean. "Gure prekarietatea zuen ardura" dela gogorarazi zieten Zubietako erraustegiko langileek aipatu hondakinen tratamendu plantaren kudeatzaileei. Urtarrilaren 15ean, elkarretaratzea egin zuten Eskuzaitzetako lantegiaren sarreran, "erraustegian lan-baldintza duinak orain! Urbaser errudun, Gipuzkoako Aldundia arduradun" aldarripean. Pankarten bidez argi adierazi moduan, bizi duten egoeraren atzean, "GHK eta Ekondakinen borondate falta dago eta Gipuzkoako Foru Aldundia da arduradun nagusia".
Izan ere, "urtebete luzez EKOBAL enpresarekin negoziatzen aritu gara langileak, Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmenak jasotzen ez dituen erraustegiko langileen lan-baldintza bereziak eta zehatzak arautzeko, baina, azkenean, hasierako egoerara itzuli gara langileak, jasan behar ditugun lan-baldintza penagarriak aitortzeko borondate ezagatik", salatu zuen langileen batzordeak.
Martxoaren 5ean, mobilizatu ziren berriz, hilaren 10ean enpresarekin zuten bileraren atarian. Ez zuten akordiorik erdietsi. Honenbestez, mobilizatzen segitzea erabaki zuten. Hilaren 12an, indar gehiagoz eta haserreago irten ziren protestan. Izan ere, mobilizazioan zehar, protesta ekintzak egiten segitzeko asmoaren aurrean, mehatxuak jasan zituztela salatu zuten. "Ekobaleko langileak borrokan lan-baldintza duinen alde borrokan. Aski dira mehatxuak eta negoziazio faltsuak!", adierazi zuten.
Halere, lan-baldintza duinen alde borrokan segitzeko asmo irmoa dute.
"Jakin badakigu azken arduraduna Gipuzkoako Foru Aldundia dela"
Langileon mobilizazio aldiaren xedea, bizi dituzten lan-baldintza prekarioak salatu eta baldintza horien hobekuntza jasoko duen hitzarmena adostea da. Borroka aldi honetan, EKOBAL enpresa jotzen badute bizi duten egoeraren erantzule gisa, "jakin badakigu azken arduraduna Gipuzkoako Foru Aldundia dela, beraz GHK eta EKONDAKIN erakundeei ere luzatzen dizkiegu gure aldarrikapenak".
Langileen batzordetik aditzera eman zutenez, "6 urte pasa dira Zubietako erraustegiko CMG1 planta martxan jarri zenetik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak EKOBAL enpresari kudeaketa esleitu zionetik. Orduz geroztik, enpresako langileen batzorde ezberdinek Gipuzkoako Kale Garbiketako hitzarmenak jasotzen ez dituen lan baldintza bereziak eta zehatzak arautu eta gure osasuna babestuko dituen enpresa hitzarmena negozitzeko saiakerak behin eta berriz egin izan ditugu baina tamalez, enpresaren ezezkoa eta mespretxua besterik ez dugu jaso".
Urtarrileko mobilizazioan salatu moduan, "erraustegiko langileok arautu gabeko txandakotasun, arrisku eta toxikotasun handia daukan ingurune batean lan egiten dugu eta babestu eta ordaindu gabeko baldintzak ditugu. Enpresak 12 ordura arteko lanaldi jarraituak egitera behartzen gaitu jada gure osasunerako kaltegarria den 24/7 txanda sistemako langileoi, aurreko edo hurrengo txandako lankideak lanera ezin badira etorri, Non Stop zerbitzua bermatuz langileen osasunaren kontura. Bestalde, mantentze lanetako langileoi asteburuetan erreten-zerbitzua egitera ere behartzen gaitu enpresak, arautu eta ordaindu gabeko zerbitzu eta prestasuna ezarriz. Hori gutxi balitz, EKOBAL enpresak zaborrarekin zuzenean lan egiten dugun langileoi egunero jasaten dugun benetako arrisku biologikoa ez digu ez aitortzen ezta saritzen ere".
Horregatik guztiagatik lan-baldintza duinak izateko borrokan segi asmo dute erraustegiko langileek.