Zubietako erraustegiko langileen hilabeteotako eskakizunak ez dira bete; ondorioz, lan-baldintza duinen aldeko borrokan segitzen dute. Urtarrilaz geroztik lantoki atarian mobilizatu izan dira, elkarretaratzeen bidez nahiz Bugatiraino eginiko manifestazioekin. Bertan, Ekobal eta Ekondakin enpresak nahiz Gipuzkoako Foru Aldundia bizi duten egoeraren erantzuletzat jo izan dituzte.
Haien oinarrizko eskaerak bete ahal izateko aldarrikapen ekintzak, ordea, ez dira aski izan. Ondorioz, astearte honetan, apirilaren 14an, lekuz aldatu dute protestarako gunea; lantoki ataritik, Foru Aldundiak Donostiako Gipuzkoa plazan duen egoitza atarira lekuz aldatu dute mobilizatzeko gunea. Izan ere, aurrez, martxoaren 26an eginiko mobilizazioan jakinarazi zutenez, "badirudi ez dutela haien burua ikusten arduradun bezala eta ulertzen dugu Aldundia dela honen guztiaren arduraduna".
"Gure osasuna bermatu!"
Goizeko 10:30eak ingurutik ordubete pasatxoko iraupeneko elkarretaratzea egin dute Foru Aldundiko egoitzari begira, aipatu Gipuzkoa plazan, "Ekobal, Ekondakin, Aldundia, konponbidea eta babesa orain!" aldarripean.
Hilabeteotan, Zubietako erraustegi inguruan oihukatutako eskaerak, salatutako egoera bera plazaratu dute gaurkoan, hiriburu erdigunean bertan. "Gure osasuna bermatu!", oihukatu dute sarritan, lan-baldintza duinak behin eta berriz galdegitearekin batera, alarma hotsen artean. Benetako toxikotasuna ez dietela aitortzen salatu dute gaurkoan ere. Langileen batzordeak bizi duten egoeraren erantzuletzat jo dute erraustegia kudeaturiko enpresak nahiz Gipuzkoako Foru Aldundia.
Langileok bizi duten egoera egunotan ez bada aldatzen, astebete barru, hilaren 21ean, ordu eta toki berean bildu eta protesta egitekoak dira berriz.
Atzerapausoa
Martxoaren 26an irten ziren azkenekoz langileok protestan eta ordutik ez zaie askorik aldatu lan egoera. Hilaren 24an zuten bilera enpresako zuzendaritzarekin. "Eskaintza bat jaso dugu, aurrekoarekin alderatuta" atzerapausotzat jo dutena. Bileran hitz egindakoa biharamunean idatziz jasotzea eskatu zioten enpresari langileen batzordetik adierazi zigutenez, baina "guk jasotakoa guztiz aldatua izan da, mahaian hitz egindakorekin alderatuta". Horrekin batera, enpresatik bileran adierazi zieten, "arazo ekonomikoak zituztela".
Horren harira, langileok azaldu zigutenez, ordea, "GHK Ekondakin UTEa kontratatua du eta Ekondakinek azpikontrata baten bidez Ekobal du kontratatua. Ekondakinen eta Ekobalen Urbaser enpresa pribatua dago eta esaten digutena da Ekobalek milioi euroko galerak dituela, baina ez digutena esaten da, Ekondakinek irabaziak dituela. Orduan, batetik galtzen dutena bestetik irabazten dute".
Horrez gain, beste behin "mehatxuak" salatu zituzten enpresaren aldetik, "legez kanpoko greba" egiten ari direla esaten ari zitzaizkiea zioten, langileen batzordetik adierazi moduan, langileen %60a babesten ari denean lanuzteok. "Gainera, saiatu dira bultzatzen gutxieneko zerbitzuak gure aldetik ezartzea nahiz eta Eusko Jaurlaritzak ez ezarri. Hori da enpresaren jokaera eta horren aurrean, hemen gaude, kalean", salatu zuten.
Borondate falta
Gogoan izan, langileon esanetan, "urtebete luzez EKOBAL enpresarekin negoziatzen aritu gara langileak, Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmenak jasotzen ez dituen erraustegiko langileen lan-baldintza bereziak eta zehatzak arautzeko, baina, azkenean, hasierako egoerara itzuli gara langileak, jasan behar ditugun lan-baldintza penagarriak aitortzeko borondate ezagatik".
Langileon mobilizazio aldiaren xedea, bizi dituzten lan-baldintza prekarioak salatu eta baldintza horien hobekuntza jasoko duen hitzarmena adostea da. Borroka aldi honetan, EKOBAL enpresa jotzen badute bizi duten egoeraren erantzule gisa, "jakin badakigu azken arduraduna Gipuzkoako Foru Aldundia dela, beraz GHK eta EKONDAKIN erakundeei ere luzatzen dizkiegu gure aldarrikapenak".
Langileen batzordetik aditzera eman dutenez, "6 urte pasa dira Zubietako erraustegiko CMG1 planta martxan jarri zenetik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak EKOBAL enpresari kudeaketa esleitu zionetik. Orduz geroztik, enpresako langileen batzorde ezberdinek Gipuzkoako Kale Garbiketako hitzarmenak jasotzen ez dituen lan-baldintza bereziak eta zehatzak arautu eta gure osasuna babestuko dituen enpresa hitzarmena negoziatzeko saiakerak behin eta berriz egin izan ditugu baina tamalez, enpresaren ezezkoa eta mespretxua besterik ez dugu jaso".
Mobilizazio hauetan salatu moduan, "erraustegiko langileok arautu gabeko txandakotasun, arrisku eta toxikotasun handia daukan ingurune batean lan egiten dugu eta babestu eta ordaindu gabeko baldintzak ditugu. Enpresak 12 ordura arteko lanaldi jarraituak egitera behartzen gaitu jada gure osasunerako kaltegarria den 24/7 txanda sistemako langileoi, aurreko edo hurrengo txandako lankideak lanera ezin badira etorri, Non Stop zerbitzua bermatuz langileen osasunaren kontura. Bestalde, mantentze lanetako langileoi asteburuetan erreten-zerbitzua egitera ere behartzen gaitu enpresak, arautu eta ordaindu gabeko zerbitzu eta prestasuna ezarriz. Hori gutxi balitz, EKOBAL enpresak zaborrarekin zuzenean lan egiten dugun langileoi egunero jasaten dugun benetako arrisku biologikoa ez digu ez aitortzen ezta saritzen ere".
Horregatik guztiagatik lan-baldintza duinak izateko borrokan segi asmo dute erraustegiko langileek.