Hiru atxilotu astelehen honetan, apirilaren 13an Zubietan. Arratsalde partean izan ziren, Ertzaintzak ohar bidez jakitera eman duenez. "Bostak aldera Ertzaintzak abisu bat jaso zuen", zehaztu du aipatu poliziak. Ohartarazpen horren arabera, "Zubietan egiten ari diren obra batean lapurreta" egin zuten, gerora atxiloturiko hiru pertsonek.
Obra horren eremuan beharrean ziren langileek hiru atxilotuak "atxiki zituzten, arropaz aldatzen diren eta objektu pertsonalak uzten dituzten etxoletan lapurreta egiteko asmoz sartu baitziren". Etxola horietara heltzeko, Ertzaintzaren arabera, aldez aurretik, "lapurrek obra inguratzen duen hesia behartu zuten".
Ertzaintzak jasotako ohartarazpenaren ondotik, patruilak Zubietara joan eta "hiru susmagarrien kargu egin ziren". Atxilotuak miatzerako unean, "lapurretak egiteko erabil daitezkeen erremintak eta tresnak, hala nola, zizelak, bihurkinak edo eskularruak aurkitu zizkieten".
Ertzaintzaren arabera, ez zen lapurretaren bat egindako lehen aldia. Azkeneko bi asteotan, "Donostiako enpresetan egindako beste bi lapurretatan parte hartu zuten gutxienez, modus operandi bera erabiliz, eta obrako materiala lapurtu zuten. Horietako batean, apirilaren 10ean, 4.000 euro inguruko balioa zuen kobre-bobina bat lapurtu zuten, eta beste batean, obrako erremintak". Ertzaintzak berri eman duenez, "antzeko ekintzengatik polizia-aurrekari gehiago dituzten hiru atxilotuak epailearen esku jarriko dituzte, "beharrezko eginbideak amaitu ondoren".