Zubietan eta Usurbilen ere bat egingo dute Realaren Errege Kopako finalarekin

Noaua Aldizkaria 2026ko apirilaren 16a

Futbol taldeak Zubieta izango du larunbateko Sevillako finalera joan nahiz itzultzeko abiapuntua eta helmuga. Finala, zuzenean segi ahalko da Usurbil K.E.-k frontoiko Garagardo Azokan jarriko duen pantaila erraldoiaren bidez. Partida horren atarian, Usurbil F.T.-ko jokalariek babesa adierazi diote sare sozialen bidez, talde txuri-urdinari.

Gipuzkoa osoan, asteburuko arretagune nagusietako bat izango da Realak Sevillan jokatuko duen Errege Kopako finala. Hitzordu horrekin bat egingo dute Zubietan nahiz Usurbilen. Hasteko, talde txuri-urdinak jakinarazi duenez, Zubieta izango da Sevillako finalera joan nahiz handik itzultzeko abiapuntua eta helmuga. Zaletu bat baino gehiagoren topaleku izango da, beraz, eremu hori. Realak jakinarazi duenez, ostiral arratsaldeko 14:00etan abiatuko dira entrenamendu gunea izan ohi duten Zubietako Z7 futbol zelaitik autobusez, Hondarribiko aireporturantz. Larunbatean, hilaren 18an, Cartuja futbol zelaiko neurketako emaitza edozein izanda ere, igandean bueltan izango dira berriz Zubietan. Hilaren 19an, 14:00ak aldera berriz Hondarribiko aireportutik itzuliko dira Zubietara.

Zubieta izango da, beraz, asteburuko Errege Kopako finalaren arretaguneetako bat, baina ez bakarra. Izan ere, gogoan izan, Sevillako partida, iluntzeko 21:00etan hasiko da. Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du. Emisio horrekin bat egingo dutenen artean izango da udalerri hau. Izan ere, Usurbil Kirol Elkarteak ostegun honetatik, apirilaren 16tik 19ra frontoian antolaturiko Garagardo Azokaren baitan, pantaila erraldoia jarriko dute, partida zuzenean ikusi eta entzuteko.

Usurbil F.T-ren atxikimendua
Realak larunbatean, apirilaren 18an, Sevillako Cartujan jokatuko duen finalari begira, talde txuri-urdinari atxikimendua adierazi diotenen artean dira Usurbil Futbol Taldeko jokalariak. Sare sozialen bidez, mende erdiko ospakizun ziklo betean diren futbol taldeek babesa helarazi diete irudi bidez Realeko jokalariei.