Realak bart Sevillan Athletico Madrilen aurka jokatutako finalean Errege Kopa irabazi ostean leherturiko ospakizuek igande honetan, apirilaren 19an izan dute segida goizetik; Sevillan bertan aireportura joan eta Hondarribian lurreratu diren unetik bertatik hain zuzen.
Asteburuko garaipenerako bidea Zubietan hasi zuten ostiral arratsaldeko 14:00etan. 48 ordu geroago, abiapuntuan espero zituzten, Zubietako haien ohiko entrenamendu lekuan, baina zaletuek pare bat ordu gehiago itxaron behar izan dute hain estimatua duten taldeari harrera egiteko.
13:00ak pasatxoan Hondarribiako aireportura heltzea aurreikusia bazegoen ere, ordubete geroago heldu dira azkenean. Zubietara itzuli aurretik, gainera, Pasaia, Orereta edota Donostiako kale nagusiak zeharkatu dituzte Realekoek. Bidelagun kopuru zenbaezina izan dute bide bazterretan, helmugan bezalaxe.
16:00ak aurretik iritsi dira Zubietako entrenamendu tokira. Ordu batzuk lehenagotik zain ziren hainbat zaletu. Aurreikusia baino geroago iritsiko zirela jakin dutenean, gora eta behera ikusi ditugu joan-etorrian eguzkipean ziren zaletu txuri-urdinak. Denak garaiz izan dituzte, bi autobusetan heldutako Realekoei merezitako harrera egiteko.
Oihuka, jantzi eta osagarri txuri urdinekin eta askok unea betirako gordeta izateko mugikorraren kamera piztua zutela izan dira Zubietan. Adin guztietako zaletuak ikusi ditugu, tartean hainbat herrikide nahiz inguruetatik edota Gipuzkoako txoko ezberdinetatik heldutakoak zeuden. Emozio handia bizi izan dute unea, baita gerora ere. Bugatiko gasolindegi parera jaitsi dira hainbat zaletu, Realeko kideak haien ibilgailuan nola igarotzen ziren ikusi eta agurtzera.
Realaren bart gaueko garaipena ospatzen hasi baino ez da egin marea txuri-urdina. Izan ere, Errege Koparen garaipena ospatzeko harrera ofiziala astelehen honetarako, apirilaren 20rako antolatu dute Donostian.