Realaren Errege Kopako finalak eguneroko ohiko bizimoduari itzal nabarmena egin dion egunon ostean, berriz oinak lur gainean jartzeko, lur hartzeko moduko mezua eseki dute pankarta batean Zubietako erraustegiko langileen batzordeak astearte goiz honetan, apirilaren 21ean, gipuzkoarron etxearen atarian, Foru Aldundiak Donostiako Gipuzkoa plazan duen egoitzaren atarian hain zuzen. Honela zioen: "Ez gara Erreala baina guk ere Zubietan jolasten dugu".
Hala, gogorarazi nahi izan dute, asteburuan jendetza batu dela bitan Zubietan, Realak entrenatzen duen eremuaren bueltan. Talde txuri-urdinari harrera egitera joandakoan, aurrez aurre zituzten langileok lan-baldintza duinen alde egiten ari diren borroka islatzen duten pankartak. Gaurko mezu horrekin ere horixe gogorarazi nahi zuten. Ez direla talde txuri-urdineko jokalariak baina Realakoen "bizilagunak" bai nolabait esatearren eta lan-baldintza duinen alde borrokan segitzen dutela.
Duela astebete egin bezalaxe, Zubietako erraustegiko langileak bigarrenez mobilizatu dira astearte goiz honetan, Foru Aldundiaren egoitza atarian. Haien egoera, momentuz ez da aldatu. Egunotan biltzekoak dira enpresaren zuzendaritzarekin. Horrez gain, LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, maiatzaren lehenean egingo den Langileen Eguneko mobilizazioan, tarte bat eskainiko zaio manifestazioan langileok bizi duten egoera ikusgarri egiteari.
Gainerakoan, urte hasieratik Zubietako lantoki atarian nahiz Bugatiraino eginiko manifestazioetan egin bezalaxe, azkeneko bi astearteotan Foru Aldundiaren Donostiako egoitza atarian ere "konponbidea eta babesa" galdegin dizkiete erraustegiaren kudeaketan ardura duten Ekobal, Ekondakin eta Foru Aldundiari berari. "Ekobal, Ekondakin, Aldundia, konponbidea eta babesa orain!" aldarripean bildu dira langileok. Haien osasuna bermatzea galdegin dute, lan-baldintza duinak izatea. Benetako toxikotasuna ez dietela aitortzen salatu dute gaurkoan ere.
Aipatu moduan, egunotan enpresarekin egitekoak diren bileraren ostean erabakiko dute aurrera begira zer egin.
Borondate falta
Gogoan izan, langileon esanetan, "urtebete luzez EKOBAL enpresarekin negoziatzen aritu gara langileak, Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmenak jasotzen ez dituen erraustegiko langileen lan-baldintza bereziak eta zehatzak arautzeko, baina, azkenean, hasierako egoerara itzuli gara langileak, jasan behar ditugun lan-baldintza penagarriak aitortzeko borondate ezagatik".
Langileon mobilizazio aldiaren xedea, bizi dituzten lan-baldintza prekarioak salatu eta baldintza horien hobekuntza jasoko duen hitzarmena adostea da. Borroka aldi honetan, EKOBAL enpresa jotzen badute bizi duten egoeraren erantzule gisa, "jakin badakigu azken arduraduna Gipuzkoako Foru Aldundia dela, beraz GHK eta EKONDAKIN erakundeei ere luzatzen dizkiegu gure aldarrikapenak".
Langileen batzordetik aditzera eman dutenez, "6 urte pasa dira Zubietako erraustegiko CMG1 planta martxan jarri zenetik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak EKOBAL enpresari kudeaketa esleitu zionetik. Orduz geroztik, enpresako langileen batzorde ezberdinek Gipuzkoako Kale Garbiketako hitzarmenak jasotzen ez dituen lan-baldintza bereziak eta zehatzak arautu eta gure osasuna babestuko dituen enpresa hitzarmena negoziatzeko saiakerak behin eta berriz egin izan ditugu baina tamalez, enpresaren ezezkoa eta mespretxua besterik ez dugu jaso".
Mobilizazio hauetan salatu moduan, "erraustegiko langileok arautu gabeko txandakotasun, arrisku eta toxikotasun handia daukan ingurune batean lan egiten dugu eta babestu eta ordaindu gabeko baldintzak ditugu. Enpresak 12 ordura arteko lanaldi jarraituak egitera behartzen gaitu jada gure osasunerako kaltegarria den 24/7 txanda sistemako langileoi, aurreko edo hurrengo txandako lankideak lanera ezin badira etorri, Non Stop zerbitzua bermatuz langileen osasunaren kontura. Bestalde, mantentze lanetako langileoi asteburuetan erreten-zerbitzua egitera ere behartzen gaitu enpresak, arautu eta ordaindu gabeko zerbitzu eta prestasuna ezarriz. Hori gutxi balitz, EKOBAL enpresak zaborrarekin zuzenean lan egiten dugun langileoi egunero jasaten dugun benetako arrisku biologikoa ez digu ez aitortzen ezta saritzen ere".
Horregatik guztiagatik lan-baldintza duinak izateko borrokan segi asmo dute erraustegiko langileek.