2026-27

Lanbide Heziketa osoan aurrematrikulatzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 4a

2026-27 ikasturterako aurrematrikulatzeko aukera izango da astelehen honetatik, maiatzaren 4tik hilaren 22ra arte Zubieta Lanbide Eskolan, baita Atallun kokaturiko Oinarrizko Lanbide Heziketan ere.

Datorren 2026-27 ikasturterako aurrematrikulazio epealdia zabalik izango da astelehen honetatik, maiatzaren 4tik hilaren 22ra arte Lanbide Heziketa osoan.

Lanbide Heziketa
Gogoan izan, erdi mailako ziklo hauek eskaintzen ditu Zubieta Lanbide Eskolak: Administrazio Kudeaketa, instalazio elektrikoak eta automatikoak, hozteko eta girotzeko instalazioak, Beroa Sortzeko Instalazioak, mekanizazioa, instalatze eta mantentze lanak. Goi mailako zikloei dagokienean, Administrazio eta Finantzak, Automatizazio eta Robotika Industriala, Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa, Fluido Instalakuntzen eta Instalakuntza Termikoen Mantenua, Energia Eraginkortasuna eta Eguzki Energia Termikoa, Energia Berriztagarriak, Plataforma Anitzetako eta Web Aplikazioak Garatzea eta Jatetxe Arloko Zerbitzuen Zuzendaritza.

Horrez gain, Industria-Mantentzearen Digitalizazioan, Auditoretza Energetikoan nahiz Interneti Lotutako Sistemak Instalatzeko eta Mantentzeko espezializatzeko aukera eskaintzen du Zubieta Lanbide Eskolak.

Aurrematrikulatzeko hitzordua presentzialki eskatu ahalko da ikastetxean bertan edota telematikoki, helbide honetan: 2026-27 ikasturterako aurrematrikulazioa

Informazio gehiago bideotatik jaso ahalko duzue:
Etarte bidea, 9
943 364 600
lhusurbil.eus

Oinarrizko Lanbide Heziketa
Bi espezialitate eskaintzen ditu Atallu kokaturiko ikastetxeak: ile-apainketa eta estetika zein sukaldaritza eta jatetxe titulua eskuratzeko ikasketak. 15-17 urte arteko gazteei zuzendua dago hezkuntza eskaintza hau (DBH 3 egina dutenak edota salbuespenez DBH 2 egina dutenentzat). Bi ikasturterako ikasketa prozesua da, 2.000 ordukoa. Lanbide bat ikasi eta lan munduan murgildu nahi duten gazteei nahiz gerora erdi-mailako ikasketak egin nahi dituztenentzako da. Amaieran, Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua eskuratuko dute, erdi mailako ziklorako sarbide zuzena, DBH graduatua lortzeko bidea ere bada edota lan mundurako 1 zenbakidun profesionaltasun ziurtagiria jasoko du.

Lan-metodologia “oso praktikoa da” Atallun kokaturiko eskolakoen esanetan. “Tailerrean praktika eginez lanbidea ikasten da (egunean 4 ordu). Beharrezkoa den teoria soilik lantzen da eta lanbidearekin zer ikusi zuzena duten edukiak irakasten saiatzen gara (egunean 2 ordu)”. Bestalde, erronkak proposatzen dituzte; “lan munduan gerta daiteken egoera bat azaldu eta horren inguruan lan egin”.

Oinarrizko Lanbide Heziketa berezi egiten duen hainbat ezaugarri ditu. Ikastetxetik nabarmendu moduan, eskola txikia da, “talde txikietan lan egiten dugu”. Horren harira, ikasleen arreta indibidualizatua bermatua dagoela ziurtatu dute. “Ikasle bakoitzari helburu pertsonalak jarri, jarraipena egin eta ebaluatzen zaie. Ikaslea kokatzen dute hezkuntza prozesuaren erdigunean. “Gaztearengan sinisten dugu eta gazte bakoitzaren ahalbide eta gaitasun positiboak lantzen ditugu. Gaztea ahalduntzen saiatzen gara. Bere buruan sinisten lagundu. Autoestimua landu”. Gaztearen hurbileko testuinguruarekin, “familiarekin harreman estua dugu. Enfoke sistemikotik lantzen saiatzen gara. Gaztea erdigunean jartzen dugu”.

Informazio gehiagorako:
Atallu. Zanpiura, 3
943 360 465
lhi@usurbil.eus
olh.usurbil.eus