Ekainerako ireki asmo duten Zubietako espetxea, Eusko Jaurlaritzaren esku jada

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 6a

Artxiboko irudia.

Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlartzari eskualdatu dio Eskuzaitzetan kokatuko den espetxe berriaren eskumena. Aurreikusia dutenaren arabera, beranduenez ekainean ireki dezakete Martutenekoa ordezkatuko duen Zubietako kartzela.

Zubietako espetxea irekitzetik hurbilago daude. Norabide horretan, beste urrats bat eman dute azken egunotan. Izan ere, gune honen kudeaketaren eskualdatzea gauzatu dute aste hasieran. Hasteko, eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku uztea onartu zuen apirilaren 28an, Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak. Eskualdatze hori gauzatu dela jakinarazi du, aste hasiera honetako Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA). Zehazkiago esanda, maiatzaren 4ko argitalpenak kaleratu du "60/2026 DEKRETUA, apirilaren 29koa, zeinaren bidez formalizatzen baita Transferentzien Batzorde Mistoaren erabakia, espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko esparruan ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretuaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuei atxikitako ondare-baliabideak aldatzen dituena".

Dekretu horrek gogorarazi moduan, "ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretuaren bitartez, onartu egin zen Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko esparruan Estatuko Administrazioak zituen eginkizun eta zerbitzuak".

Argitalpen honek ohartarazi du, "Gipuzkoako espetxea (Donostia) eraikitzen amaitu eta prest dagoela espetxe-zerbitzuari lotuta jardunean hasteko, erabaki bat hartu behar da espetxe-arloko estatu-legeak betearazteko esparruan Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatu zitzaizkion Estatuko Administrazioaren eginkizun eta zerbitzuei atxikitako ondare-baliabideak aldatzeko".

Testuinguru horretan, EHAA-k azaldu moduan, "erabaki honetan, ondoriorik gabe utziko da Donostiako espetxea dagoen ondasun higiezinaren eskualdatzea (Martutene kalea 1, Donostia), eta, jarraian, eskualdatu egingo da Gipuzkoako espetxea (Donostia) dagoen ondasun higiezina". Bide horretan, "entrega- eta harrera-aktak hiru hilabeteko epean sinatuko dira".

Zubietan kokatuko dena eskualdatuta, egun, Martutenen kokaturiko espetxe zaharraren titulartasuna galduko du Eusko Jaurlaritzak ekainaren 24an. "Ekainaren 24an ondoriorik gabe geratuko da ekainaren 29ko 474/2021 Errege Dekretuaren bidez onartu zen eskualdatzea, hau da, Donostiako espetxea (Donostia, Gipuzkoa) dagoen higiezina Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzeko erabakia".

Irekiera, ekainerako aurreikusia
Zubietako Eskuzaitzetan kokatuko da laster irekiko duten espetxe berria, Eskuzaitzeta industrialdean. 284.255 metro karratuko azalera izango du. Urte luzez noiz ireki asmo zuten iragarri eta atzeratzen joan ostean, badirudi, beranduenez, ekainean ireki dezaketela Eskuzaitzetako kartzela. Hala aurreikusi zuen azkenekoz otsailean, Eusko Jaurlaritzak.

Orduko hartan, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok, Justizia eta Giza Eskubideen sailburu Maria Jesus San Josek eta Etxebizitza eta Hiri Agendako estatu-idazkari David Lucasek agerraldi bidez iragarri zutenez, "eraikuntzaz arduratu den SIEPSE sozietate publikoak Espainiako Gobernuko Ondare Zuzendaritza Nagusiari transferituko dio higiezina datozen egunetan, eta transferentzia hori Eusko Jaurlaritzak higiezina jasotzeko transferentzia-batzorde misto baterako deialdia egin aurreko urratsa izango da".

Hortik aurrera, gaineratu zutenez, "bi hilabete beharko dira egokitze-obra txikiren bat egiteko eta abian jartzeko beharrezkoak diren sistema eta instalazio guztiak puntuan jartzeko, espetxea maiatzetik ekainera bitartean ireki ahal izan dadin".

Espetxetik hurbil martxan den erraustegiarekin ere nolabaiteko lotura izango du kartzela berriak. Eusko Jaurlaritzatik aditzera eman zutenez, "Gipuzkoako Foru Aldundiak instalatuko duen District Heating sistema aprobetxatzeko proiektuaren lizitazioa hasiko da. Sistema hori hondakinak errebalorizatzeko Zubietako instalazioko hondar-beroa espetxeko klimatizazio-sistemetarako erabiltzean datza. Prozesu hori udaberrian has liteke".

Zubietakoa irekita, Martuteneko kartzela eraitsi asmo dute hurrengo urtean, bertan, gerora, 400 etxebizitza eraikitzeko.