Zubietako erraustegia

Hiru egunez grebara joko dute Zubietako erraustegiko langileek

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 8a

Urtebeteko  bileren eta lau hilabeteko mobilizazioen ostean hiru greba egun deitu dituzte Zubietako erraustegiko langileek datozen hiru astearte hauetarako, maiatzaren 12, 19 eta 26rako. Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza atarian mobilizatuko dira.

Maiatzaren 12an, 19an eta 26an, hiru egun horietan greba egingo dutela iragarri dute Zubietako erraustegiko langileek eta astearte horietan, 10:30-13:00 artean Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Gipuzkoa plazan duen egoitzaren atarian mobilizatuko direla, apirilean bitan egin bezalaxe. Gogoan izan, “urtebeteko etengabeko bileren eta lau hilabeteko mobilizazioen ondoren” lan-baldintza duinen aldeko borrokan segitzen dute langileok, LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, “Ekobal eta Ekondakin enpresek langileen lan-baldintzak arautu eta hobetu beharko dituen enpresa-hitzarmen baterantz aurrerapausoak emateko borondaterik ez dutela jakinda eta GHKren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren etengabeko arduragabekeria ikusita”.

Beste behin, gogora ekarri dutenez, “Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak ez ditu arautzen Zubietako errauste plantaren ezaugarri zehatzak, planta industrial baten antzeko funtzionamendua baitu. Ez du arautzen asteko 24 ordu eta 7 eguneko txanda-sistema, ez eta mantentze-sailean ezartzen saiatzen diren eguneko erreten-zerbitzu bat ere, are gutxiago langileek egunero jasaten duten arrisku biologikoa”.

Horregatik hain zuzen, “Zubietako erraustegiko langileek lan-baldintza zehatz horiek arautuko dituen enpresa-hitzarmen bat adostu nahi dute”.

Enpresa sare baten erdian dira langileok. “Ekondakin kontrata publikoaren enpresa emakidaduna da eta honek, aldi berean, Ekobal azpikontratatzen du erraustegian lan egiteko, Gipuzkoako Bide Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak babestutako 70 langilerekin. Bi enpresak aldi baterako enpresa-elkarteak dira, Urbaser enpresa erraldoiaren partaidetzarekin bietan: % 46 lehenengoan eta % 79 bigarrenean”.

Urte hasieratik mobilizatzen
Azkenekoz, bi astearte goizetan mobilizatu ziren apirilean, hilaren 14an eta 21ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Gipuzkoa plazan duen egoitza atarian. Aurretik mobilizazio gehiago egin zituzten baita Zubietako lantoki atarian, nahiz handik Bugatiko gasolindegiraino manifestazioak.

Hasieratik, enpresen borondate falta salatu izan dute langileok aldarrikatzen ari diren lan-baldintza duinak negoziatzerakoan.