Maiatzaren 30ean

Zubieta Lanbide Eskola 50 urteak ospatzera doa

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 13a

Betetako mende erdia komunitatearekin ospatuko du Zubieta Lanbide Eskolak maiatzaren 30ean.

Iazko ekaina amaieran ospatzen hasitako mende erdiko ibilbidea jaialdi batekin borobildu asmo du Zubieta Lanbide Eskolak, maiatzaren 30ean. Zubietako Herri Batzarrarekin edota Zubietako Jai Batzordearekin lankidetzan osaturiko egitaraua plazaratu dute azken orduotan, sare sozialen bidez.

Argi dute, komunitatean ospatu nahi dute mende erdia. "Aurten, ospatzeko arrazoi berezia dugu... eta zurekin batera ospatu nahi dugu!", jakinarazi dute. Horretarako, aipatu moduan, "festa egun eder bat" prestatzen ari dira, "Zubieta Lanbide Eskolaren 50 urteko ibilbidea elkarrekin gogoratu eta ospatzeko".

Izan ere, mende erdi hau ospatzeko iazko ekainean hasitako ospakizun zikloaren abiapuntuan, irudi eta izen berritua aurkeztu zuten; ordutik, Zubieta Lanbide Eskola da, ordurarte "Usurbilgo" gisa ezaguturikoa, "baina betiko izpirituarekin: ikasle, langile, familia eta komunitate osoaren topagune" izaten segitzen baitu.

Egun osoko jaialdia
50. urtemugaren harira, eskolako atzoko eta egungo komunitatea elkartu nahi ditu hilaren 30eko egun osoko topaketak. Goizean hasita, hainbat ekintza antolatu asmotan dira. Eguerdian, bazkaria iragarri dute eta gero, bazkaloste musikatua izango dute, arratsaldetik gauera luzatuko diren emanaldiekin. "Zatoz eta ospatu dezagun elkarrekin!", egin dute gonbita.

Aurrematrikulazio garaia
50 urteak ospatzeko jaialdiaren atarian, gogoan izan, hilaren 4az geroztik maiatzaren 22ra arte zabalik izango duela Zubieta Lanbide Eskolak 2026-27 ikasturterako aurrematrikulatzeko epealdia. Gogoan izan, erdi mailako ziklo hauek eskaintzen ditu Zubieta Lanbide Eskolak: Administrazio Kudeaketa, instalazio elektrikoak eta automatikoak, hozteko eta girotzeko instalazioak, Beroa Sortzeko Instalazioak, mekanizazioa, instalatze eta mantentze lanak. Goi mailako zikloei dagokienean, Administrazio eta Finantzak, Automatizazio eta Robotika Industriala, Fabrikazio Mekanikoko Produkzioaren Programazioa, Fluido Instalakuntzen eta Instalakuntza Termikoen Mantenua, Energia Eraginkortasuna eta Eguzki Energia Termikoa, Energia Berriztagarriak, Plataforma Anitzetako eta Web Aplikazioak Garatzea eta Jatetxe Arloko Zerbitzuen Zuzendaritza.

Horrez gain, Industria-Mantentzearen Digitalizazioan, Auditoretza Energetikoan nahiz Interneti Lotutako Sistemak Instalatzeko eta Mantentzeko espezializatzeko aukera eskaintzen du Zubieta Lanbide Eskolak.

Aurrematrikulatzeko hitzordua presentzialki eskatu ahalko da ikastetxean bertan edota telematikoki, helbide honetan: 2026-27 ikasturterako aurrematrikulazioa

Informazio gehiago bideotatik jaso ahalko duzue:
Etarte bidea, 9
943 364 600
lhusurbil.eus


Zubieta Lanbide Eskolak 50 urte
Maiatzak 30, larunbata
Zubietako plazan:
10:00etan hasita, ekintza ezberdinak.
14:30
Bazkaria:
-Menua: sarrerakoak, paella mistoa edo begetala eta postrea eta kafea.
-Txartelak salgai Zubieta Lanbide Eskolan bertan eta Alamandegi, Usurbilgo Bordatxo eta Lasarteko Ilargi tabernetan, 25 euroren truke langileentzat, 20 eurotan langabeentzat.
18:00 Kita del Pare txaranga.
20:00 Txilipipar.
22:30 Dj Zzero.

Oharra: txosna egongo da.
Antolatzaileak: Zubieta Lanbide Eskola, Zubietako Herri Batzarra, Zubietako Jai Batzordea.