Gaur ere grebara jo eta berriz irten dira lan-baldintza duinen alde abiarazia duten borrokaren baitan, protestatzera, haien egoeraren erantzuletzat jotzen duten Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza atarira. Bigarren asteartez segidan mobilizatu dira gaur goizean Zubietako erraustegiko langileak hiriburuko Gipuzkoa plazan.
Gogoan izan, maiatzerako hiru greba egun deituak dituzte, lehenengoa hilaren 12rako, bigarrena gaurko eta hirugarrena, hilaren 26rako.
Aurreko mobilizazioetan egin bezalaxe, astearte honetako elkarretaratzean zehar ere, haien lan-baldintza duinak eta horien artean, osasuna bermatzen dutenak galdegin dituzte, alarma hotsen artean. Benetako toxikotasuna ez dietela aitortzen salatu dute gaurkoan ere. Langileen batzordeak bizi duten egoeraren erantzuletzat jo dituzte erraustegia kudeaturiko enpresak nahiz Gipuzkoako Foru Aldundia.
“Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak ez ditu arautzen Zubietako errauste plantaren ezaugarri zehatzak"
Gogoan izan, “urtebeteko etengabeko bileren eta lau hilabeteko mobilizazioen ondoren” lan-baldintza duinen aldeko borrokan segitzen dute langileok, LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, “Ekobal eta Ekondakin enpresek langileen lan-baldintzak arautu eta hobetu beharko dituen enpresa-hitzarmen baterantz aurrerapausoak emateko borondaterik ez dutela jakinda eta GHKren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren etengabeko arduragabekeria ikusita”.
Beste behin, gogora ekarri dutenez, “Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak ez ditu arautzen Zubietako errauste plantaren ezaugarri zehatzak, planta industrial baten antzeko funtzionamendua baitu. Ez du arautzen asteko 24 ordu eta 7 eguneko txanda-sistema, ez eta mantentze-sailean ezartzen saiatzen diren eguneko erreten-zerbitzu bat ere, are gutxiago langileek egunero jasaten duten arrisku biologikoa”.
Horregatik hain zuzen, “Zubietako erraustegiko langileek lan-baldintza zehatz horiek arautuko dituen enpresa-hitzarmen bat adostu nahi dute”.
Enpresa sare baten erdian dira langileok. “Ekondakin kontrata publikoaren enpresa emakidaduna da eta honek, aldi berean, Ekobal azpikontratatzen du erraustegian lan egiteko, Gipuzkoako Bide Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak babestutako 70 langilerekin. Bi enpresak aldi baterako enpresa-elkarteak dira, Urbaser enpresa erraldoiaren partaidetzarekin bietan: % 46 lehenengoan eta % 79 bigarrenean”.
Urte hasieratik mobilizatzen
Maiatzeko mobilizazio hauen aurretik, apirilaren 14an eta 21ean ere elkarretaratu ziren, Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Gipuzkoa plazan duen egoitza atarian. Aurretik mobilizazio gehiago egin zituzten baita Zubietako lantoki atarian, nahiz handik Bugatiko gasolindegiraino manifestazioak.
Hasieratik, enpresen borondate falta salatu izan dute langileok aldarrikatzen ari diren lan-baldintza duinak negoziatzerakoan.