Data zehatza finkatzea baino ez zitzaien falta. Izan ere, urte hasieratik iragartzen hasiak ziren maiatzean edo beranduenez jota ekainean irekiko zutela, aurrerantzean Zubietako Eskuzaitzetan kokatuko den espetxe berria, orain arteko Martutenekoa ordezkatuko duena. Irekiera egun zehatza jarri diote eremuari. Ekainaren 15ean, astelehenarekin irekiko dute kartzela berri hori, ekitaldi instituzional batekin, Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Giza Eskubideen Sailak hedabideei jakinarazi dienez. Horren ostean egingo da presoen leku aldaketa Martutenetik Eskuzaitzetara, segurtasun kontuengatik zehaztuko ez duten egun batean.
Espetxe berriak 400 plaza izango ditu, 360 gizonezkoentzat, 40 emakumezkoentzat. Horrez gain, beste 75 plaza izango ditu gizarteratze zentroak, erregimen irekian direnentzat eta beste modalidate batzuk presoak kanpora irten ahal izateko. Guztira, sei moduluetan zatitua egongo da espetxe berria. 284.255 metro karratuko azalera izango du.
Martuteneko espetxea ekainaren 24an itxi asmo dute. 2027. urteko lehen seihilekoan eraitsi asmo dute, 4 milioi euroren truke. Gerora, bertan, 400 bat babes ofizialeko etxebizitza eraikiko dituzte.
Eskualdatzea
Irekiera horri begira, Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlartzari eskualdatzea onartu zuen apirilaren 28an, Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak. Eskualdatze hori gauzatu zela jakinarazi zuen, maiatzaren 4ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA).