Hirugarren asteartez segidan, gaur ere, maiatzaren 26an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza atarian, Donostiako Gipuzkoa plazan mobilizatu dira Zubietako erraustegiko langileak. "Ekobal erraustegian langileok borrokan!" direla gogorarazi nahi izan diete beste behin foru ordezkariei, erakunde horren egoitzara begira eginiko protestan zehar.
Urte hasieratik egiten ari diren moduan, "gure osasuna bermatu!", oihukatu dute sarritan, lan-baldintza duinak behin eta berriz galdegitearekin batera, alarma hotsen artean. Benetako toxikotasuna ez dietela aitortzen salatu dute gaurkoan ere. Langileen batzordeak bizi duten egoeraren erantzuletzat jo dute erraustegia kudeaturiko enpresak nahiz Gipuzkoako Foru Aldundia.
Gaurkoa ere greba eguna zuten, maiatzeko hirugarrena eta momentuz programatuak zituzten lanuzteetan azkena izan da hilaren 26 honetakoa. Bada nobedaderik, ordea. Izan ere, langileen batzordetik hilaren 12ko mobilizazioan jakinarazi moduan, jasangarritasun arloko foru diputatu Jose Ignacio Asensiorekin biltzeko eskaria erregistratu zuten egun hartan.
Astearte honetako mobilizazioan jakinarazi dutenez, erantzuna jaso dute; baiezkoa, Foru Aldundiko ordezkaritza bat biltzeko prest dagoela Zubietako erraustegiko langileekin. Data ere jarri diote bilera horri; datorren astelehenean, ekainaren 1ean egingo da bilkura hori.
“Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak ez ditu arautzen Zubietako errauste plantaren ezaugarri zehatzak"
Gogoan izan, “urtebeteko etengabeko bileren eta lau hilabeteko mobilizazioen ondoren” lan-baldintza duinen aldeko borrokan segitzen dute langileok, LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, “Ekobal eta Ekondakin enpresek langileen lan-baldintzak arautu eta hobetu beharko dituen enpresa-hitzarmen baterantz aurrerapausoak emateko borondaterik ez dutela jakinda eta GHKren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren etengabeko arduragabekeria ikusita”.
Beste behin, gogora ekarri dutenez, “Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak ez ditu arautzen Zubietako errauste plantaren ezaugarri zehatzak, planta industrial baten antzeko funtzionamendua baitu. Ez du arautzen asteko 24 ordu eta 7 eguneko txanda-sistema, ez eta mantentze-sailean ezartzen saiatzen diren eguneko erreten-zerbitzu bat ere, are gutxiago langileek egunero jasaten duten arrisku biologikoa”.
Horregatik hain zuzen, “Zubietako erraustegiko langileek lan-baldintza zehatz horiek arautuko dituen enpresa-hitzarmen bat adostu nahi dute”.
Enpresa sare baten erdian dira langileok. “Ekondakin kontrata publikoaren enpresa emakidaduna da eta honek, aldi berean, Ekobal azpikontratatzen du erraustegian lan egiteko, Gipuzkoako Bide Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak babestutako 70 langilerekin. Bi enpresak aldi baterako enpresa-elkarteak dira, Urbaser enpresa erraldoiaren partaidetzarekin bietan: % 46 lehenengoan eta % 79 bigarrenean”.
Urte hasieratik mobilizatzen
Azkenekoz, bi astearte goizetan mobilizatu ziren apirilean, hilaren 14an eta 21ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Gipuzkoa plazan duen egoitza atarian. Aurretik mobilizazio gehiago egin zituzten baita Zubietako lantoki atarian, nahiz handik Bugatiko gasolindegiraino manifestazioak.
Hasieratik, enpresen borondate falta salatu izan dute langileok aldarrikatzen ari diren lan-baldintza duinak negoziatzerakoan.