Zubieta ospakizun ziklo betean barneratzera doa, eskola txikiaren eta Lanbide Eskolaren eskutik. Hasteko, Zubietako eskolako guraso elkarteak ikasturte amaierako ekimen zikloa iragarri du Zubietako plazan, asteazken honetan, maiatzaren 27an hasita:
Maiatzak 27, asteazkena
18:00 Zubietako dantza taldearen emanaldia.
Maiatzak 28, osteguna
16:45 Ipuinak eta marrazkiak, Bea eta Ces; horrekin batera, 2 herri krosa.
Maiatzak 29, ostirala
16:45 Musika tresnen eskulanak eta "Oaintxe in deu" txaranga.
Ekainak 11, osteguna
16:45 Altxorraren bila gynkana.
18:00 Apar festa.
Ekainak 12, ostirala
16:45 Ekitaldiak:
-Haurren funky eta antzerki emanaldia.
-Pintxo eta tortilla lehiaketa.
-Afarimerienda elkarrekin.
-Zubieta Talentu bila.
-Bingoa.
Antolatzailea: Zubietako Eskola Txikiko Guraso Elkartea.
Lanbide Eskolaren 50. urtemuga festa
Larunbat honetan, maiatzaren 30ean ospatuko du Zubieta Lanbide Eskolak bere 50. urtemuga festa. Jaialdiarekin bat egitera deitu ditu eskolako egungo kideak eta kide ohiak, baita herrikide oro ere.
Iazko ekaina amaieran ospatzen hasitako mende erdiko ibilbidea jaialdi batekin borobilduko du Zubieta Lanbide Eskolak, maiatzaren 30ean. Zubietako Herri Batzarrarekin edota Zubietako Jai Batzordearekin lankidetzan osaturiko egitaraua plazaratu zuten berriki, sare sozialen bidez. Xehetasun gehiagoren berri eman dituzte egunotan.
Argi dute, komunitatean ospatu nahi dute mende erdia. "Aurten, ospatzeko arrazoi berezia dugu... eta zurekin batera ospatu nahi dugu!", jakinarazi dute. Horretarako, aipatu moduan, "festa egun eder bat" prestatzen ari dira, "Zubieta Lanbide Eskolaren 50 urteko ibilbidea elkarrekin gogoratu eta ospatzeko".
Izan ere, mende erdi hau ospatzeko iazko ekainean hasitako ospakizun zikloaren abiapuntuan, irudi eta izen berritua aurkeztu zuten; ordutik, Zubieta Lanbide Eskola da, ordurarte "Usurbilgo" gisa ezaguturikoa, "baina betiko izpirituarekin: ikasle, langile, familia eta komunitate osoaren topagune" izaten segitzen baitu.
Egun osoko jaialdia
50. urtemugaren harira, eskolako atzoko eta egungo komunitatea elkartu nahi ditu hilaren 30eko egun osoko topaketak. Goizean hasita, hainbat ekintza antolatu asmotan dira. Goiz partean zehar, ikastetxeko ateak irekiak egongo dira, langileak bertan, hainbat proiektu aurkezteko. Zubietako eskolarekin lankidetzan, gaztetxoenentzako ginkana antolatu dute eta helduentzako ere izango da jolasik. 12:00etan bestalde, bideo proiekzio berezi bat programatu dute ikastetxeko areto nagusian, eta bertan, ezustekoren bat ere bai.
Eguerdian, bazkaria iragarri dute eta gero, bazkaloste musikatua izango dute, arratsaldetik gauera luzatuko diren emanaldiekin. "Zatoz eta ospatu dezagun elkarrekin!", egin dute gonbita.
Zubieta Lanbide Eskolak 50 urte
Maiatzak 30, larunbata
Zubietako plazan:
10:00etan hasita, ekintza ezberdinak: jolasak, proiektu aurkezpena, bide proiekzio berezia...
14:30 Bazkaria:
-Menua: sarrerakoak, paella mistoa edo begetala eta postrea eta kafea.
-Txartelak salgai Zubieta Lanbide Eskolan bertan eta Alamandegi, Usurbilgo Bordatxo eta Lasarteko Ilargi tabernetan, 25 euroren truke langileentzat, 20 eurotan langabeentzat.
18:00 Kita del Pare txaranga.
20:00 Txilipipar.
22:30 Dj Zzero.
Oharra: txosna egongo da.
Antolatzaileak: Zubieta Lanbide Eskola, Zubietako Herri Batzarra, Zubietako Jai Batzordea.
