Zer osagai izango ditu 50. urtemuga jaialdiak?
Amaiur Berra: Goizeko 10:00etan hasiko gara eskolan ekintza ezberdinak egiten. Eskola txikikoekin eginiko lanketatik proposatu zituzten jolasak guk antolatzea. Horrekin sortu dugu ginkana moduko bat. Helduxeagoentzako herri kirol lasaiak egingo dira; iltzeak sartzea, toka... behealdeko aparkalekuan. Gainerakoan, eskolan langileak izango dira zikloak eta horietan egiten diren proiektu ezberdinak aurkezten. Nahi duen oro bertaratu eta bertako proiektuak ezagutu ditzake. Eguerdian, 50 urte hauen inguruko bideotxo bat proiektatuko da. Sorpresak egongo dira. Gero, nahiko genuke, musikaz gidatua frontoi aldera joan, bertan bazkaria egingo dugu. Arratsaldea girotzeko kontzertuak izango ditugu. Eskolaren komunitatea elkartzea da gure asmoa, baina ez da zertan eskolarekin harremana izan behar, egun horretan parte hartzeko. Edonor dago gonbidatua.
Musika taldeek Zubietarekin, eskolarekin loturik badute?
A.B.: Kita del pare txarangako kide bat eskolako ikasle ohia da, Txilipipar taldeko kide bat eskolako langile baten bidez ezagutu genuen, dja ere zubietarra da. Naturalki sortutako lotura bat da.
Aitor Zabaleta: Bi zubietar jarriko dira dj lanetan. Festa Zubietako eskolakoa izanda, zer hobeto hala izatea. Arratsalde polita biziko dugu.
Jaialdia Lanbide Eskolaren, Herri Batzarraren eta jai batzordearen arteko elkarlanaren emaitza izango da.
Jon Andoni Arroyo: Zubietako Herri Batzarrera etorri ziren eskolatik 50. urtemuga ospatzeko ideiarekin. Ez egun honetarako bakarrik, hilero zerbait egin nahi zuten. Gure aldetik prestasun osoa egon da. Eredu izan da eskola Lanbide Heziketan. Orain, urtemugaren harira, gainera, Zubietaren izena jarri izana eta herriaren izena hemendik kanpo, haratago eramate hori hezkuntza mailan ere nabarmentzekoa da. Eskertzekoa da baita, gure aldetik urtean zehar eskainitako "Akelarre" dokumentalaren proiekziorako eskolak bere areto nagusia utzi izana.
Ikastetxea hemen kokatu zenetik egin dio eskolak Zubietari keinu argia?
A.B.: Azkenean, Zubieta herrian gaude eta Zubietako eskola gisa ezagutzen gintuzten lehendik ere. Eskolari Zubieta izena jartzea, 50. urtemugarekin lotutako ekintza bat izan da. Izan ere, eskola honek herrian eragina badauka, herritar asko pasa dira eskolatik. Herrian eragina dugu mugitzen dugun jende kopuruarengatik eta egiten ditugun proiektuengatik. Horregatik, ezinbestekoa da eskolak lotura izatea herriko mugimendu ezberdinekin eta noski, elkar laguntzea eta proiektuak elkarrekin sortzea, beti guztion iritziak eta nahiak errespetatuz.
Zer du ospatzeko Zubieta Lanbide Eskolak bere 50. urtemugan?
J.A.A.: Hezkuntza mailan izan duen ibilbidea. Beti eskola ospetsua izan da, punta-puntakoa. Nire garaian ere hala zen.
Eskolan ikasitakoa zara?
J.A.A.: Elektrizitatea eta automatizazioa ikasten hasi nintzen 1984ko irailean.
Nola oroitzen duzu orduko ikastetxea?
J.A.A.: Oraingoa baino txikiagoa. Garai ona izan zen. Guk ere hazkuntza ezagutu genuen, eraikuntza berri bat sortu zuten. Artean, eskola berria zen.
A.B.: 1975ean hasi zen Lanbide Eskola bere jardunean Aginagako parrokiako lokaletan eta inguruetako enpresek utzitako materialekin. Auzolanean sortutako proiektu bat izan zen. 1978an eraiki ziren Zubietako lehen eraikinak. Urte hartan hasi ziren hemen jardunean. Egun, bihurtu da eskola batean, eraikin askokoan. 500 ikasle mugitzen dira goizeko zikloetan eta gutxi gorabehera ia 500 ere arratsaldeko ikastaroetan. Ikasle kopurua handitu da, ziklo eskaintzarekin batera. Hazten jarraitzen du. Izan ere, inguruko sektoreen eta industriaren beharretara moldatu behar gara uneoro. Orduan, hazkun-tzak jarraituko du.
Aitor, zu ere Lanbide Eskolan ikasten zabiltza.
A.Z.: Lehen urtean ari naiz, administrazio ikasketetan. Gustura nago. Administrazio ikasketak egin nahi nituen. Horretarako aukera etxe alboan izanda, ez nuen zalantzarik izan. Uste nuena baino handiagoa iruditu zitzaidan, askoz jende gehiagorekin. Izan ere, gurasoekin hauteskunde egunetan bozkatzera etortzean ez zirudien hain handia. Polita iruditzen zait Zubietak halako hezkuntza maila duen ikastetxea izatea.
Nazioartean erreferentziazko ikastetxea da.
A.B.: Eskola hau aitzindaria izan da proiektu ezberdin askotan eta nazioartekoetan ere indar handia egin da urte askoz. Egia esan, mugikortasun proiektu garrantzitsuak ditugu. Baditugu erdi zein goi mailako zikloetan, lehen urtetik elkar trukeak, bigarren mailan ere Erasmus programarekin ikasleak asko mugitzen dira. Ikasleei horrelako proiektuetan parte hartzeak ematen die aukera ikusteko Europako beste herrialdeetan zer lan sektore dauden, ikasleari bere gaitasunak lantzeko aukera ematen die. Era berean, aitzindari izan da beste proiektu batzuetan ere. Atzerriko eskoletatik interesa egoten da eskolara bertaratu eta bertatik ezagutzeko hezkuntza metodologia, proiektuak. Energia berriztagarrietan, adibidez, une honetan Herbehereetatik etorritako 15 ikasle ditugu. Praktikak egiten ari dira. Hango eskola bateko modulu ofizial baten parte bat dagoeneko eskola honetan garatzen da. Jada, pisu eta garrantzia handia hartzen duten proiektuak dira. Azken datuen arabera, Lanbide Heziketako ikasleen %90a ateratzen da lanpostu batekin.
Zer ibilbide egin nahi zenuke Aitor?
A.Z.: Beste ikasturte bat dut aurretik. Gero goi mailako zikloa egin beharko dut. Beti ari gara gauza berriak ikasten, ez gara aspertzen, praktikoa da eta horrek bizitasun puntu hori ematen die ikasketei. Niretzako aukera hoberena da Lanbide Heziketa.
J.A.A.: Ofizio bat ikasi nahi duenak, eskaintza zabala du Zubietan.
Jaialdirako gonbitarik egin nahi duzue?
J.A.A.: Herritarrak gonbidatzen ditugu 50. urtemuga jaialdira. Baliatu unea, eskola barrutik ezagutzeko eta festara ere animatu!
A.B.: Egun, eskolako egunerokotasuna osatzen dugunak gonbidatu nahi genituzke, baina baita ere eskolatik pasatu diren ikasle, irakasle, langile, horiek guztiak etor daitezela. Elkar berriro topo egiteko gune bat izan dadila, ikus dezaten nola aldatu den eskola, baina baita ere, orain hemen gaudenok ikusi eta entzun dezagun haien ahotik nola zen eskola, zer ikasi zuten.
A.Z.: Gazteok eta ikaskideok animatu Zubietara! Ondo pasako dugu denon artean.
Zubieta Lanbide Eskolak 50 urte
Maiatzak 30, larunbata
10:00etan hasita, Lanbide Eskolan haur eta helduentzako ekintzak: ginkana Zubietako eskolakoentzat, helduagoentzat herri kirol lasaiak, zikloetako instalakuntzen eta proiektuen aurkezpena...
12:00 50. urtemugako bideo proiekzioa ikastetxeko areto nagusian.
13:00 "Oraintxe in deu" txaranga eskolatik plazara joateko.
14:30 Bazkaria Zubietako frontoian:
-Menua: sarrerakoak, paella mistoa edo begetala eta postrea eta kafea.
-Txartelak salgai Zubieta Lanbide Eskolan bertan eta Alamandegi, Usurbilgo Bordatxo eta Lasarteko Ilargi tabernetan, 25 euroren truke langileentzat, 20 eurotan langabeentzat.
18:00 Kita del Pare txaranga.
20:00 Txilipipar.
22:30 Dj Zzero.
Oharra: txosna egongo da.
Antolatzaileak: Zubieta Lan-bide Eskola, Zubietako Herri Batzarra eta Jai Batzordea.