Bi aste pasatxo baino ez, Zubietako espetxea irekitzeko. Ekainaren 15ean irekiko dute ofizialki, ekitaldi instituzional batekin, Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Giza Eskubideen Sailak egunotan hedabideei jakinarazi dienez. Orain arteko Martuteneko kartzela ordezkatuko du. Horren ostean egingo da presoen leku aldaketa Martutenetik Eskuzaitzetara, segurtasun kontuengatik zehaztuko ez duten egun batean.
Espetxe berriak 400 plaza izango ditu, 360 gizonezkoentzat, 40 emakumezkoentzat. Horrez gain, beste 75 plaza izango ditu gizarteratze zentroak, erregimen irekian direnentzat eta beste modalidate batzuk presoak kanpora irten ahal izateko. Guztira, sei moduluetan zatitua egongo da espetxe berria. 284.255 metro karratuko azalera izango du.
Martuteneko espetxea ekainaren 24an itxi asmo dute. 2027. urteko lehen seihilekoan eraitsi asmo dute, 4 milioi euroren truke. Gerora, bertan, 400 bat babes ofizialeko etxebizitza eraikiko dituzte.
Eskualdatzea
Irekiera horri begira, Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlartzari eskualdatzea onartu zuen apirilaren 28an, Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak. Eskualdatze hori gauzatu zela jakinarazi zuen, maiatzaren 4ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA).
Irekierarako bi aste pasatxo geratzen direnean, itxura hauxe du Zubietako espetxeak, erraustegia kokatua dagoen ingurunetik. Espetxetik hurbil martxan den hondakinen tratamendu planta horrekin ere nolabaiteko lotura izango du kartzela berriak. Eusko Jaurlaritzatik aditzera eman zutenez, "Gipuzkoako Foru Aldundiak instalatuko duen District Heating sistema aprobetxatzeko proiektuaren lizitazioa hasiko da. Sistema hori hondakinak errebalorizatzeko Zubietako instalazioko hondar-beroa espetxeko klimatizazio-sistemetarako erabiltzean datza".