Lanbide Eskolak 50 urte

50 urteotako ibilbideari gorazarre, Lanbide Eskolaren mende erdiko jaialdian

Noaua Aldizkaria 2026ko maiatzaren 30a

Mende erdia betetako Lanbide Eskolako kideek jaieguna dute larunbat honetakoa, maiatzaren 30ekoa. Hasteko, irudi eta lekukotzen bidez, 50 urteotako ibilbide oparoa nabarmendu dute ikastetxean bertan eskainitako bideo proiekzioan. Irakasle talde batek musikatu du ekitaldia.

50 urte bete ditu Usurbilgo Lanbide Eskolak, mende erdiko ospakizun zikloa iaz hasi zutenetik Zubieta Lanbide Eskola izenarekin. Urtebeteko ekintza sorta, larunbat honetan, maiatzaren 30ean eginiko jaiegunarekin borobildu dute.

Goiz partean, jolas eta ikastetxeko ate irekien jardunaldiaren artean, mende erdiko ibilbide oparoan barrena bidaiatzeko aukera izan da, eguerdian eskolako areto nagusian proiektaturiko ia ordubeteko ikus-entzunezkoarekin.

Bertan agertu dira, bost hamarkada hauetan Lanbide Eskolan buru-belarri lanean jardundakoak. Ikastetxeak izandako garapena marraztu dute, proiektuaren bidelagun izandako ikasle ohiek eta langileek.

"Beti berritzeko grina"
Gogoan izan, Aginaga izan zuen abiapuntu eskolak, parrokiaren lokaletan hasi ziren jardunean. Gerora, lekuz aldatu ziren egungo Zubietako instalakuntzetara, nahiz gaurkoarekin antzekotasun handirik izan ez. Zubietan hazten jarraitu baitu ikastetxeak gaur arte; hazten eta garatzen, bai instalakuntzen tamainaren ikuspegitik, baita, noski, martxan jarritako proiektu eta zerbitzuen ikuspuntutik ere.

Ikus-entzunezkoan zehar hitza hartutako hainbat langileek, tartean ziren hainbat herrikide, sorreratik proiektu horren kide izandakoen inplikazioa eta lankidetza nabarmendu dute; geldiezina ziren lantaldeak izan ditu Zubieta Lanbide Eskolak, "beti berritzeko grina" zutenak.

Eskolaren euskalduntzeaz mintzatu dira. "Ez zegoen ezer" jauzi hori emateko. Etengabe aldatzen, garaian garaiko beharretara egokitzen joandako ikastetxea izan da Lanbide Eskola. Hortik sortu dira hainbat proiektu entzutetsu; hala nola, Lanbide Heziketa Duala abiaraztea, Zubigune Fundazioa edota eskolaren nazioartekotzea ekarritakoak.

Azken urteotan segi dute etenik gabeko aldaketa eta berrikuntza prozesuek; digitalizazioan sakondu dute, eta ikasketa ereduan ere metolodogia aldatu ere bai; ikaslea ikasketen erdigunean jarrita. Horrez gain, ziklo eskaintza ugaritu eta indartzen joan dira urte hauetan guztietan, ezin aipatu gabe utzi ikastetxeko energia instalakuntzak... eta askoz gehiago.

50 urteen ibilbide oparoaren erakusle izan da ikastetxean proiektaturiko ikus-entzunezkoa. Emanaldi musikatua izan da. Izan ere, irakasleen artean ere badira musikariak eta haien eskutik eskainitako kontzertuarekin borobildu dute ekitaldia.