Zubietako erraustegiko langileek lan-baldintza duinen alde mobilizatzen segiko dute hurrengo asteotan. Gogoan izan, urte hasieran ekin zioten protesta aldi honi, lantoki sarreran eginiko elkarretaratzearekin. Neguan zehar manifestatzen segi zuten erraustegitik Bugatiko gasolindegi pareraino hedaturiko protesta ekimenekin.
Apirilean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza atarira, Donostiako Gipuzkoa plazara lekuz aldatu zituzten mobilizaziook. Maiatzean ere beste hiru astearteetan manifestatu ziren bertan. Hilaren 12koan hain zuzen, Foru Aldundiko jasangarritasun arloko foru diputatu Jose Ignacio Asensiorekin biltzeko eskaera erregistratu zuten.
Bilera hau aste hasiera honetan egin duten arren, momentuz mobilizatzen segiko dute langileok, egoerak bere horretan jarraitzen du eta. Ekainaren 15ean, erraustegiaren sarreran elkarretaratzea egingo dute, handik ez oso urruti, espetxea inauguratuko duten astelehen horretan. Beste bi lanuzte egun ere deitu dituzte, ekainaren 23rako eta 30erako, hauek bai, maiatzean zehar egin bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza atarian, Donostiako Gipuzkoa plazan.
"Gure osasuna bermatu!"
"Ekobal erraustegian langileok borrokan!" direla gogorarazi nahi izan diete azken asteotan foru ordezkariei, erakunde horren egoitzara begira eginiko protestan zehar.
Urte hasieratik egiten ari diren moduan, "gure osasuna bermatu!", oihukatu izan dute sarritan, lan-baldintza duinak behin eta berriz galdegitearekin batera, alarma hotsen artean. Benetako toxikotasuna ez dietela aitortzen salatu dute. Langileen batzordeak bizi duten egoeraren erantzuletzat jo dute erraustegia kudeaturiko enpresak nahiz Gipuzkoako Foru Aldundia. Hasieratik, borondate falta salatu izan dute langileok aldarrikatzen ari diren lan-baldintza duinak negoziatzerakoan.
“Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak ez ditu arautzen Zubietako errauste plantaren ezaugarri zehatzak"
Gogoan izan, “urtebeteko etengabeko bileren eta lau hilabeteko mobilizazioen ondoren” lan-baldintza duinen aldeko borrokan segitzen dute langileok, LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, “Ekobal eta Ekondakin enpresek langileen lan-baldintzak arautu eta hobetu beharko dituen enpresa-hitzarmen baterantz aurrerapausoak emateko borondaterik ez dutela jakinda eta GHKren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren etengabeko arduragabekeria ikusita”.
Gogora ekarri izan dutenez, “Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak ez ditu arautzen Zubietako errauste plantaren ezaugarri zehatzak, planta industrial baten antzeko funtzionamendua baitu. Ez du arautzen asteko 24 ordu eta 7 eguneko txanda-sistema, ez eta mantentze-sailean ezartzen saiatzen diren eguneko erreten-zerbitzu bat ere, are gutxiago langileek egunero jasaten duten arrisku biologikoa”.
Horregatik hain zuzen, “Zubietako erraustegiko langileek lan-baldintza zehatz horiek arautuko dituen enpresa-hitzarmen bat adostu nahi dute”.
Enpresa sare baten erdian dira langileok. “Ekondakin kontrata publikoaren enpresa emakidaduna da eta honek, aldi berean, Ekobal azpikontratatzen du erraustegian lan egiteko, Gipuzkoako Bide Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak babestutako 70 langilerekin. Bi enpresak aldi baterako enpresa-elkarteak dira, Urbaser enpresa erraldoiaren partaidetzarekin bietan: % 46 lehenengoan eta % 79 bigarrenean”.