"Euskal espetxe eredua ezartzeko sortu da" irekitzear duten Zubietako kartzela

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 11

Astelehenean, ekainaren 15ean inauguratuko dute Zubietako espetxe berria. Funtsezkotzat jo dute instalakuntza berria, "euskal eredua finkatzeko". Ostegun honetan, Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék kartzela berria bisitatu du.

Irekitzear dute Zubietako espetxe berria; astelehenean izango da inaugurazio ofiziala, hilaren 15ean beraz. Eusko Jaurlaritzak baieztatu duenez, Espainiako Gobernuko barne ministro Fernando Grande-Marlaska bertan izango da, baita Imanol Pradales lehendakaria ere. Haiei aurre hartuta eta irekiera ofizial hori baino lehen, ostegun honetan, ekainaren 11n, Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San José Zubietako espetxe berrian izan da.

Hainbat xehetasun eskaini dituzte instalakuntza horri buruz. 45.491.206,88 eurokoa izan da inbertsioa. "Proiektua Espainiako Gobernuak sustatu eta gauzatu du, Estatuko Azpiegitura eta Ekipamenduen Sozietatearen (SIEPSEren) bitartez".

284.255,43 metro karratu izango ditu, haietatik 80.714 metro karratu espetxe berriari dagozkio. Eremu horretan, 400 presorentzako lekua egongo da eta 255 profesionalek lan egingo dute. "Bizitegi-guneak sei modulu eta hainbat zerbitzu komun ditu, besteak beste, jangela, egongelak eta ekonomatua. Zeldak goiko bi solairuetan banatzen dira. Lau modulu berdin-berdinak dira eta bakoitzak 40 zelda ditu. Bi modulu espezifiko daude: bata, emakumeentzat da, 24 zeldekin eta haurtxoak dituzten amentzako solairu batekin, eta, bestea gizonentzat, 48 zeldekin. Modulu guztiek partzialki estalia dagoen patio itxi bat eta lantegi okupazionalak dituzte".

Dakizuenez, Zubietakoa irekita, Martuteneko kartzela zaharra itxi eta hurrengo urtean eraitsi egingo dute, bertan babes ofizialeko 400 etxebizitza eraikitzeko. Espetxe berria aurrekoa baino handiagoa izango da. "Martutenen zegoen edukiera nabarmen handitu da; bertan, joan den otsailean 260 pertsona zeuden barruan; horietatik, 130 kanpora irteteko erregimenean zeuden eta plantillan 220 profesional inguru zeuden", Eusko Jaurlaritzaren arabera.

"Azken helburua da gizarteratzen laguntzea"
Kartzela zaharra itxi eta berria irekitzearekin batera, euskal espetxe eredua sendotzen da San Joséren esanetan. Giltzarritzat jo du Zubietako azpiegitura, EAE-n nahiz Gipuzkoan errotuak izan baina espazio faltagatik penintsulako beste lurraldeetan "zigorra betetzen ari diren askatasunaz gabetutako pertsonek beren ingurunean betetzea" ahalbidetuko du.

Moduluka egongo da antolatua Zubietako espetxe berria, "modulu horiek aukera ematen dute barne-sailkapen hobea egiteko, pertsona bakoitzari egokitutako ibilbideak egiteko eta profil desberdinetako programa espezifikoak egiteko". Bertako espetxe ereduaren bilakaeraren adierazlea da hori sailburuaren esanetan. Izan ere, "bizikidetzarako espazio hobeak ditu, prestakuntza- eta enplegurako aukera gehiago eta esku-hartze pertsonalizatuagoa. Azken helburua da gizarteratzen laguntzea, segurtasun eta erantzukizun esparru batetik abiatuta”.

Argi adierazi dute Eusko Jaurlaritzatik; Zubietako kartzela "euskal espetxe eredua ezartzeko sortu da. Ikusmolde horren helburua da askatasunaz gabetutako pertsonek zigorrak duintasunez betetzea, banakako esku-hartzearen bidez eta pertsonan zentratua. Espazioaren antolaketa pentsatua dago barruan dauden pertsonen beharrei modu integralean erantzuteko, kanpoko lekualdatzeak murrizteko eta gizarteratze prozesuak indartzeko".

Horretarako, "banakako tratamenduko programa zehatzak egongo dira espetxe barruan, eta arreta berezia eskainiko zaie osasun mentalari eta adikzioei. Gainera, tratamendu espezializatua behar dituzten bestelako egoerak ere aintzat hartuko dira, eta genero ikuspegia zeharka txertatuko da. Azpiegiturak, halaber, jasangarritasun eta humanizazio irizpideei erantzuten die, eraginkortasun energetiko handiarekin, erabateko irisgarritasunarekin eta inguruneko baldintza klimatikoetara egokituta".

Askotariko espazioak
Gipuzkoako Gizarteratze Zentro autonomo bat ere izango du Zubietako espetxe berriak. "Bere instalazioen artean, nabarmentzekoak dira 50 zelda bikoitz, ikasgelak, liburutegia eta gimnasioa duen okupazio-gune bat, eta baita mediku eta erizainen asistentzia eremu bat ere, farmazia barne". 

Plaza handi bat izango du, eraikinen arteko lotunea izango dena. "Sarbideak antolatzen dituena eta hirigune autosufizientearen kontzeptua sendotzen duena. Sartze-gunean komunikazioen eraikina dago; bertan, bisitetarako 16 mintzaleku, 4 mintzaleku epaileekin eta abokatuekin komunikatzeko eta senideentzako zazpi bisita gela eta bisita intimoetarako zazpi gela daude".

Barnealdean ekoizpen lantegiak izango ditu; "bi industria pabiloi eta prestakuntzarako manipulatuen hiru tailerretan banatuta. Erizaindegia ere dago, kontsulta medikuak, erizaintza, odontologia, farmazia eta laguntza-zeldak dituen arreta eremua".

Horrez gain, "Aukerak—Gizarteratzearen Euskal Agentziak, kudeatutako hainbat zerbitzu daude arlo horretan, hala nola sukaldeak, garbitegia eta instalazioak, baita ekoizpen-tailerrak ere, irteera profesionalak dituzten sektoreak sustatzen dituztenak. Zentroak, gainera, kirol eta kultura gune bat ere badu, kirol-pista, gimnasioa, aldagelak, auditorioa, liburutegia eta ikasgelak barne. Kanpoaldean frontoia dago".