Zubietako erraustegia

Foru Aldundiaren egoitza atarira itzuli dira mobilizatzera, Zubietako erraustegiko langileak

Noaua Aldizkaria 2026ko ekainaren 23a

Lan hitzarmen duinaren alde borrokatzen dihardute Zubietako erraustegiko langileak. Astearte honetan, ekainaren 23an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza atarira itzuli dira mobilizatzera. Hilaren 30ean bueltan izango dira bertan.

Hilabete hasieran Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkaritza batekin bildu arren, lan gatazkak ez du konponbiderik momentuz. Zubietako erraustegiko langileek haien lantokiko ezaugarri zehatzak jasoko dituen lan hitzarmen duinaren aldeko borrokan segitzen dute. Ondorioz, Foru Aldundiaren egoitza atarian mobilizatu dira berriz astearte goiz honetan, ekainaren 23an. Hilaren 30erako berriz deitu dute elkarretaratzea toki berean, Donostiako Gipuzkoa plazan. Besteak beste, haien osasuna bermatzea galdegiten ari dira.

Beste behin, "Ekobal erraustegian langileok borrokan!" direla gogorarazi nahi izan diete beste behin foru ordezkariei, erakunde horren egoitzara begira eginiko protestan zehar.

Urte hasieratik egiten ari diren moduan, "gure osasuna bermatu!", oihukatu dute sarritan, lan-baldintza duinak behin eta berriz galdegitearekin batera, alarma hotsen artean. Benetako toxikotasuna ez dietela aitortzen salatu dute gaurkoan ere. Langileen batzordeak bizi duten egoeraren erantzuletzat jo dute erraustegia kudeaturiko enpresak nahiz Gipuzkoako Foru Aldundia.


“Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak ez ditu arautzen Zubietako errauste plantaren ezaugarri zehatzak"
Gogoan izan, “urtebeteko etengabeko bileren eta lau hilabeteko mobilizazioen ondoren” lan-baldintza duinen aldeko borrokan segitzen dute langileok, LAB sindikatutik jakinarazi dutenez, “Ekobal eta Ekondakin enpresek langileen lan-baldintzak arautu eta hobetu beharko dituen enpresa-hitzarmen baterantz aurrerapausoak emateko borondaterik ez dutela jakinda eta GHKren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren etengabeko arduragabekeria ikusita”.

Beste behin, gogora ekarri dutenez, “Gipuzkoako Kale Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak ez ditu arautzen Zubietako errauste plantaren ezaugarri zehatzak, planta industrial baten antzeko funtzionamendua baitu. Ez du arautzen asteko 24 ordu eta 7 eguneko txanda-sistema, ez eta mantentze-sailean ezartzen saiatzen diren eguneko erreten-zerbitzu bat ere, are gutxiago langileek egunero jasaten duten arrisku biologikoa”.

Horregatik hain zuzen, “Zubietako erraustegiko langileek lan-baldintza zehatz horiek arautuko dituen enpresa-hitzarmen bat adostu nahi dute”.

Enpresa sare baten erdian dira langileok. “Ekondakin kontrata publikoaren enpresa emakidaduna da eta honek, aldi berean, Ekobal azpikontratatzen du erraustegian lan egiteko, Gipuzkoako Bide Garbiketako Hitzarmen Kolektiboak babestutako 70 langilerekin. Bi enpresak aldi baterako enpresa-elkarteak dira, Urbaser enpresa erraldoiaren partaidetzarekin bietan: % 46 lehenengoan eta % 79 bigarrenean”.

Urte hasieratik mobilizatzen
Azkenekoz, maiatzeko hiru astearteetan eta bi astearte goizetan mobilizatu ziren apirilean, hilaren 14an eta 21ean, Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Gipuzkoa plazan duen egoitza atarian. Aurretik mobilizazio gehiago egin zituzten baita Zubietako lantoki atarian, nahiz handik Bugatiko gasolindegiraino manifestazioak.

Hasieratik, enpresen borondate falta salatu izan dute langileok aldarrikatzen ari diren lan-baldintza duinak negoziatzerakoan.